Total Pageviews

Friday, March 20, 2015

Babes zabala jaso du Iruñerriko Euskaldunon Agerkariak, jendaurreko aurkezpenean

Euskarazko agerkari berri bat dugu Iruñerrian.
Euskalerria irratiaren web-gunetik hartutako notizia. Zorionak eta eutsi ekimen berriari!

Politika, sindikalgintza, euskalgintza eta gizarte mugimenduetako hainbat ordezkari elkartu dira Katakrak-en.

Argazkia: Joxe Rojas | Argazki originala
Komunitatearentzako plaza digitala izan nahi du Iruñerriko Euskaldunon Agerkariak. Informazioak, iritziak, ideiak trukatzeko gunea, elkarren berri edukitzekoa. Eta analogikoki hori bera izan zen atzo, ostiralarekin, Katakrak liburu dendako areto nagusian jendaurreko aurkezpena egin zuelarik, alor askotako eragileak elkartu baitziren egitasmo berriari ongietorri egiteko.
Proiektua Topagunea, Tokikom eta Euskalerria Irratiaren elkarlanaren fruitua da. Topagunearen izenean, Oskar Zapata “hunkiturik” azaldu zen, “euskal hiztunon komunitateak aspaldidanik zuen ametsa errealitate bilakatu delako”. Tokikomeko presidente Urko Aristik elkarlanaren indarra nabarmendu zuen, “eta Euskal Herria halako auzolan emankorrez betetzera” deitu zuen. Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandak euskaraz komunikatzearen garrantzia nabarmendu zuen: “Horixe da guk egiten duguna eta guk bultzatu nahi duguna”. Euskalerria Irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakasta “oso pozik” zegoen, “gure komunitatearentzako oso tresna indartsua” sortu delako.
Kale nagusiko liburu dendara alderdi politikoen ordezkaritza zabal eta askotarikoa hurbildu zen. Han ziren, besteak beste, EH Bilduko foru eta udal hauteskundeetarako zerrendaburuak, hurrenez hurren, Adolfo Araiz eta Joseba Asiron. Baita haien Geroa Baiko homologoak ere: Uxue Barkos eta Itziar Gomez. Izquierda Ezkerrako Iruñeko zerrendaburu Edurne Egino ere bertaratu zen, koalizio bereko kide Ioseba Ezeolazarekin. Ekitaldian, halaber, bi alkatek hartu zuten parte: Atarrabiako Pedro Gastearena eta Berriozarko Xabi Lasa. Baziren tartean bestelako hautetsiak, konparaziora, Iruñeko zinegotzi Aitor Lakasta eta Nafarroako parlamentari Bakartxo Ruiz. Baita Udalbiltzako Xanti Kiroga ere. Arduradun politikoen artean ezin aipatzeke utzi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika.
Euskalgintzako hainbat eta hainbat eragile elkartu ziren: Euskaltzaindiako Andres Iñigo, Kontseiluko Paul Bilbao, Behatokiko Garbiñe Petriati, Euskara Kultur Elkargoko Xabier Epaltza, AEK-ko Helios Del Santo, IKA-ko Sagrario Aleman, EHEko Nestor Esteban eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioko Xabier Lozano, besteak beste. Hezkuntzaren mundutik Kale Nagusiko aretora hurbildu ziren NIEko Mikel Belasko, NIZEko Aitor Etxarte, Sortzeneko Gari Torregrosa, Dindaiako Esther Lakasta, NUPeko prentsa arduradun Pello Pellejero. Baita Eusko Ikaskuntzako Nafarroako presidenteorde Asier Barandiaran ere.
Kazetaritzari dagokionez, han ikusi genituen Hekimeneko Alberto Barandiaran, Diario de Noticiaseko zuzendari Joseba Santamaria, Euskadi Irratiko albistegietako buru Aritz Agirre, Berriako Nafarroako ordezkaritzako buru Joxerra Senar, Garako Martxelo Diaz, Xaloa Telebitsako Joseba Igerabide, Ahotsako David Llamas eta beste hainbat.
Baziren, halaber, gizarte mugimenduetako hainbat ordezkari: ELA sindikatuko Mitxel Lakuntza, Steilaseko Kepa Yecora, Memoriaren Bideak elkarteko Fernando Mendiola, Eguzki Bideoak-eko Ruben Marcilla, besteak beste. Eta baziren tartean Euskalerria Irratiko hainbat kolaboratzaile asko: Santi Leone, Jon Alonso, Inma Errea, Josetxo Azkona...