Elkarrizketa mamitsua Aitor Zuberogoitiari egindakoa. Gertuko Komunikabideen II. Jardunaldien berri txiripaz enteratu gara, Berria-ren web-atariari esker betiere. Hemendik hartua: http://www.berria.eus/paperekoa/1744/012/001/2014-12-11/hedabideak_ispilu_dira.htm
Euskarazko hedabideen balio soziala eta gizarteari egiten dioten
ekarpena neurtzeko egitasmoa aurkeztu du Hezikom ikerketa taldeak,
Gertuko Komunikabideen II. Jardunaldian.
Gertuko Komunikabideen II. Jardunaldia egin
zuten atzo Aretxabaletan (Gipuzkoa), Mondragon Unibertsitateko
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezikom ikerketa taldeak
antolatuta. Gai nagusi bat aletu zuten jardunaldian: gertuko
komunikabideen balio soziala, euskarazko hedabideei arreta berezia
jarriz, baina beste zenbait herrialdetan izandako esperientziak ere
aintzat hartuz.
Jardunaldi hori baliatu zuten Hezikomeko kide
Aitor Zuberogoitiak, Txema Egañak eta Eneko Bidegainek esku artean duten
egitasmoa aurkezteko: euskarazko hedabideen gizarte ekarpena neurtzeko
ikerketa. Aitor Zuberogoitia (Etxebarria, Bizkaia, 1972) Mondragon
Unibertsitateko irakasleari egokitu zitzaion egitasmo horren xehetasunak
azaltzea.
Balio sozialaz hitz egiten duzuenean, zertaz ari zarete?
Historia
apur bat egin behar da kontzeptuaren nondik norakoak azaltzeko.
Margaret Thatcher 1979an Erresuma Batuko lehen ministro eta 1981ean
Ronald Reagan Ameriketako Estatu Batuetako presidente izendatu
zituztenean, pribatizazio uholde handia gertatu zen, lehenagotik Milton
Friedmanek eta Chicagoko Eskolak teorizatu zutena: estatuaren parte
hartzea ahalik eta gehiena murriztu behar zen, eta lehentasuna ekimen
pribatuari eman behar zitzaion. Diskurtso eta praktika horiek ikusirik,
1990eko hamarkadan erakunde batzuk hasi ziren euren jarduna sozialki
zenbateraino zen garrantzitsua bistaratu nahian.
Orduan sortu zen «balio soziala» kontzeptua?
Bai.
Kontrako erreakzio horretan, lehenengoa Kopenhageko Errege Antzokia
izan zen (Danimarka); 1997an ikerketa bat egin zuen kalkulatzeko bere
jardunak zenbat itzultzen dion gizarteari. Horren ostean beste hainbat
etorri ziren. Ahalegin horien atzean antzeko mezua dago: «Guk diru
publikoa jasotzen dugu, baina hori gizarteari itzultzen diogu, gure
jardueraren onura gizartean gelditzen delako».
Euskal hedabideekin antzeko ikerketa bat egiteko proiektua aurkeztu duzue. Zergatik?
Askotan
entzuten dugu ETB1 %2k baino ez dutela ikusten, euskal hedabideak diru
laguntzetatik bizi direla eta antzeko mezuak, baina horri datuekin
erantzungo dion ikerketarik ez dugu izan.
Zein fasetan dago proiektua?
Teoria
arloa zedarritu ondoren, hurrengo pausoa da neurgailua bera zehaztea.
Horretarako, Hezikom lantaldea osatzen dugunok ari gara prestakuntza
jasotzen, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde batekin eta
Deustuko Unibertsitateko beste batekin. Badago jarduera jakin baten
balio soziala neurtzeko tresna bat, baina orain hori egokitu behar dugu
euskarazko komunikabideen ezaugarri berezietara.
Eta hori nola egingo duzue?
Lehenbizi, tresna prest dagoenean probatu egin nahi dugu bi hedabidetan, BERRIAn eta
Goiena-n.
Bi komunikabideok ontzat eman dute ideia, baina sakon azaldu beharko
diegu abenduaren amaieran eta urtarrilaren hasieran, eta hurrengo fasea
izango litzateke interes taldeen mapa egitea.
Zer da hori?
Orain
arte, ekonomia tradizionalean, helburua beti izan da etekinak sortzea
enpresaren akziodunentzat, eta horren arabera neurtzen zen enpresa baten
arrakasta. Kontzeptu honek ikuspegi hori gainditu nahi du: akziodunei
ez ezik, enpresaren jardunak eragiten dien guztiei entzun behar zaie,
eta horietako bakoitzari enpresaren jardunak zer ekartzen dion neurtu.
Eta nola neur daiteke hedabide baten balio soziala?
Hor
hiru atal atzeman daitezke. Lehenik, eragin soziala duen balio
ekonomikoa, hau da, hedabide horrek zenbat pertsona dituen soldatapean,
inguruko hornitzaileei zenbateko erosketak egiten dizkien eta abar.
Bigarrenik, balio sozial espezifikoa dugu, neurtzen zailena dena:
adibidez, hizkuntzaren normalizazioan, terminologian eta abarretan
ekartzen duen onura. Hirugarrenik, administrazioari zerga bidez
itzultzen zaiona dago. Hiru horien batuketa da balio soziala.
Zure ustez, zer ekarpen egiten dio euskal gizarteari euskarazko hedabideen esparruak?
Hizkuntzaren
joan-etorri librea bermatzeko azpiegitura bat dakar, eta uste dut
funtsezkoa dela hori. Ispilu bat ere bada, hizkuntza komunitateak bere
burua egunero islatuta ikusteko, eta erreferentzia esparrua, komunitate
hori kohesionatzeko eta ez gehiago zatikatzeko. Baina errealitate
materialago bat ere badago: hor jende asko ari da lanean, inguruan
aberastasuna sortzen du, eta eragin handia duen jarduera ekonomikoa
bideratzen du.
Tokian tokiko hedabideak eta nazio mailakoak kontrajarrita daude, edo osagarriak dira?
Elkarren
osagarri izatera kondenatuta daude. Tokian tokikoa indartsu egotea
ezinbestekoa da nazionalaren harrobia hortik etorriko delako, eta nazio
mailakoa indartsua izatea ere funtsezkoa da, dudarik gabe, hizkuntza
komunitatea egituratzeko