Total Pageviews

Monday, June 27, 2011

Kazetaritzaren lengoaia propioa



By Ana Urkiza (Deia.com-etik hartua)

Maria Gonzalez Gorosarri kazetari eta ikertzaileak euskarazko komunikabideen kalitateari buruzko tesia defendatu berri du eta, bertan, euskarazko komunikabideak erdarazkoak baino hobeak direla argudiatu du, "emaitza" hobeak lortu dituztela esanez bai ikuspegiari dagokionean, bai titulargintzan eta baita gehigarri informatiboetan ere. Ikertzaile bati ez dizkiot datuok zalantzan jarriko, nahiz eta goiburua, "euskarazko komunikabideak erdarazkoak baino hobeak dira" delakoa, deigarria egiten den. Eta deigarria bi gauzengatik: batetik, Mariaren tesiaren berri ematen duen kazetariak, Gonzalez andreari egindako elkarrizketan "euskaraz ezin dela ondo informatu" dioen ustea ustela dela esanez bukatzen duelako, hau da, gaindituta beharko lukeen ustea edo esana.

Eta, bestetik, aurreko astean bertan izan dugulako Kontseilugunearen bigarren bilera EITBn, hain zuzen ere, ETB1en inguruan hausnartu eta dagoen noraezeko bidetik ateratzeko proposamenak egiteko. Eta, salbuespenak salbuespen, tesia pixka bat kolokan jarriko lukeen aspektuak aipatu zirelako hartakoan (euskarazko ikus-entzunezko medio nagusia baita).

Bi lerrotan laburbiltzeko, ETB1en kate irudiaz hitz egin zen: kateari zor zaion gobernuaren aldetiko begiruneaz, kateak eskaini behar duen kalitate teknikoaz eta euskara kalitateaz, kazetaritza lengoaia propioa izateaz (ikus-entzuleak hemengo begiekin interpretatu ditzan munduko albisteak), sinesgarritasun faltaz, eta azken urteotan euskal ikus-entzuleak gero eta nabarmenago sentitu duen desafekzioa gainditu beharraz.

Noski euskaraz ondo informatu daitekeela. Hizkuntza ondo menperatuz gero, hizkuntzak ez du kazetaritzaren kalitatea mugatuko. Bai, ordea, medioaren posizionamendua zein den ez jakiteak (non kokatu nahi dugun eta zertarako, alegia), eta posizionamendu horretan kazetaritza lengoaia propio bat eratzeko argitasunik ez izateak.

Thursday, June 23, 2011

Xabier Altzibarren hitzaldia, euskalkia eta kazetaritza

Xabier Altzibar EHUko irakaslea da eta Euskaltzaindiko kide urgazlea. Zenbait proposamen egiten ditu hitzaldin honeta zehazki Mendebaldeko euskalkiaren erabilaren inguruan, kazetaritzaren eremuko eremurako betiere. Eztabaidagarriak izan daitezke, baina gutxitan ikusi izan ditugu honen moduko gogoetak. Orain, Xabierrek berak dioenez, kazetarien eta hiztunen iritziak jasotzea falta da, proposamenokin alderatzeko, eta gerora adosteko.

Tuesday, June 14, 2011

Erakundeen laguntzak handitzea eskatu dute euskarazko hedabideek

Publikoak ez diren euskarazko hedabideek kolokan ikusten dute etorkizuna, eta laguntzak % 25 handitzea eskatu diete erakunde publikoei. Egoeraren berri emateko kanpaina jarri dute martxan.

Monday, June 13, 2011

Euskal Herriko Unibertsitateak master europar berria abiatuko du Eleaniztasuna eta Hezkuntzaz

Aurtengo irailean Euskal Herriko Unibertsitateak abian jarriko du Eleaniztasuna eta Hezkuntzari buruzko master berri bat. Holandako Groningengo Unibertsitatearekin batera antolatu du EHUk masterra eta burutzen duten ikasleek doktoregoa egiteko aukera izango dute. Masterrak eleaniztasun eta hezkuntza arloan ikertzaile kualifikatuak bihurtuko ditu ikasleak eta pentsamendu kritikoa eta trebetasun analitikoak bultzatuko ditu.

Donostia-San Sebastian. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Eleaniztasuna eta Hezkuntzari buruzko master europarra (European Master in Multilingualism and Education - EMME) jarriko du abian 2011-2012 ikasturtean. Unibertsitateak jakinarazi duenez, masterrak irakaskuntza bikaina eta kalitate handiko ikerketa sustatzea du helburu eta programaren baitan pentsamendu kritikoa eta trebetasun analitikoak bultzatuko dira.

Masterreko ikasleek gaitasun hauek landuko dituzte eta helburu izango dute:

-Eleaniztasunaren alderdi psikolinguistiko, soziolinguistiko eta hezkuntzazkoei buruzko jarrera kritiko analitikoa garatzea
-Eleaniztasuna eta hezkuntzan goi mailako espezialista bihurtzea
-Eleaniztasuna eta heziketarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko gaitasuna lortzea
-Testuinguru soziolinguistikoarekin lotuta dauden hezkuntzako programa eleanitzak diseinatzeko gaitasuna lortzea
-Hezkuntza sisteman berrikuntza-prozesuak planifikatzeko eta ezartzeko gaitasuna lortzea
-Eleaniztasun eta hezkuntza arloan ikertzaile trebea eta kualifikatu bihurtzea

Programak hiru arlo desberdin ditu: ikastaroa (60 ECTS), Practicum-a (30 ECTS) eta ikerketa lana (30 ECTS). Eskolak irailean abiatuko dira.

-Informazio gehiago eskuratzeko hona jo: www.multilingualeducation.eu

-Arduradunekin zuzenean hitz egin eta informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, harremanetan jar zaitezke Xabier Etxaguekin (xabier.etxague@ehu.es, tel: 0034943015612); Jasone Cenozekin (jasone.cenoz@ehu.es) edo Durk Gorterekin (d.gorter@ikerbasque.org)