Total Pageviews

Tuesday, April 23, 2013

Europako zuzentarauak urratu ditu Nafarroako Gobernuak


Euskalerria Irratiko ordezkariak Europako Hizkuntza Taldearekin elkartu dira gaur 

http://euskalerriairratia.com/?p=716861

Europako Parlamentuko Gutxiengo Tradizional, Komunitate Nazional eta Hizkuntzentzako Taldearen lan saio batean parte hartu du Euskalerria Irratiaren ordezkaritza batek gaur goizean, EAJko eurodiputatu Izaskun Bilbaok hala eskaturik. Saioaren amaieran, Androula Vassilou Europako Hezkuntza, Kultura eta Eleaniztasun komisarioari Euskalerria Irratiaren egoeraz galdetzea erabaki dute, Nafarroako Gobernuaren jarrerak hainbat zuzentarau urratzen dituela iritzita. Aste bete barru jakinen da zenbat europarlamentarik sinatuko duten galdera.
Euskalerria Irratiaren agerraldiaren ondotik, Alexey Kozhemyakov Europako Kontseiluko Bazterketaren Aurkako eta Gutxiengo Nazionalen Aldeko Saileko burua da, eta halaber Hizkuntz Gutxituen Kartaren idazkaritzako burua. Hainbatetan aipatu du Euskalerria Irratiaren afera, eta europarlamentariak Euskalerria Irratiari buruzko galdera sinatzera deitu ditu.
Bestalde, Euskalerria Irratiari buruzko eztabaidan PPko parlamentari Pablo Zalbak parte hartu du. Nafarroako Gobernuaren jokaera defendatzen ahalegindu da. Lan Taldeko presidente Alfonsi korsikarrak (ALE) erantzun dio Nafarroako Gobernuaren euskarazko hedabideekiko jarrera “guztiz hipokrita” dela.
Nafarroako Gobernua, Europako legediaren aurka
Bujandak irratiaren ibilbidearen eta Nafarroako Gobernuaren bidegabekerien berri eman die Taldeko kideei, Nafarroako Gobernuaren azken lizentzia banaketan, 2012-2013koan gertatutakoan azpimarra berezia eginez. Izan ere, Euskalerria Irratia lizentziarik gabe uzteko Nafarroako Gobernuak jarraituriko bideak Europako zenbait lege eta zuzentarau urratzen ditu. Zehazki, Mugarik Gabeko Telebistena, Kultur Ekoizpenaren Defentsarena eta Lehiaketa Librearena.
Euskalerria Irratia hobekien puntuaturiko irratia zen, epaimahaikideek bere kanpo programazioa ez puntuatzea erabaki zuten arte. Euskalerria Irratiak programazio propioa emititzen ez duelarik, Euskadi Irratiarena zabaltzen du. Epaimahaikideen arabera, halakorik ezin du egin Euskadi Irratia beste erkidego bateko irrati publikoa delako. Baina Europako legediaren arabera, hizkuntza gutxietan aritzen diren komunikabideek beren hizkuntzaren lurralde osora zabaltzeko eskubidea dute.
Euskalerria Irratia, Europako erakunde guztietan
Europako Parlamentura ez ezik, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira ere jo du Euskalerria Irratiak, helegite baten bitartez. Horretan salatzen du Nafarroako Gobernuak Europako legedia urratu egiten duela emititzeko baimena ukatuz, adierazpen askatasunaren kontra egiten baitu. Helegitea 2012ko urriaren 16an aurkeztu zuen irratiak. Azaroaren 5ean Auzitegiak tramitera onartu zuen. Eta aurtengo otsailaren 7an auziari buruzko informazio gehiago helarazi zion irratiak Auzitegiari.
Bestalde, Euskalerria Irratiak aspaldidanik dauka harremana Europako Kontseiluarekin (EK). Izan ere, EK-ko Adituen Taldeak dagoeneko Hizkuntza Gutxituen Kartari buruzko hiru txostenetan aipatu du Euskalerria Irratiaren egoera. Azken txostenean, iragan urtean, oso eskaera zehatza egin zion Nafarroako Gobernuari: “berrazter dezala Euskalerria Irratia ez legeztatzeko erabakia”.