Total Pageviews

Wednesday, May 28, 2014

Euskalerria Irratiaren aldeko DVDa erosiko duten 1.000 lagun behar dituzte!

 

 Hara zer aurkitu dugun helbide honetan:
http://www.verkami.com/locale/eu/projects/9008-1-000-erosle-baietz-eman-bidea-euskalerria-irratiari

Euskalerria irratiari laguntzeko proiektu bat da. Zoriontzekoa da erabili duten sormena edota irudimena baikortasunez euskarazko irrati iruindar honi laguntzeko.

Proiektuaren deskribapena


Gure CD-DVDa aldez aurretik erosiko duten 1.000 lagun behar ditugu. Ene Kantak ekimenak Euskalerria Irratiaren aldeko CD-DVDa egin nahi du: haurrentzako 20 kanta eta beste horrenbeste bideoklip. Eta proiektua errealitate bihurtu ahal izateko, CD-DVDa fisikoki eskuragarri izan baino lehen dirua aurreratuko diguten 1.000 erosle behar ditugu.
Abestiak jada sortu ditugu, baita grabatu ere. Gurekin kantuan aritu dira Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin, Imanol Ubeda, Hesian taldeko Zuriñe eta Fran, El Drogas, Kutxi Romero, Manolo Garcia eta beste lagun asko.
Eskuzabaltasun ikaragarriz, denek baietz esan diote Euskalerria Irratiaren aldeko gure auzolan honetan parte hartzeari. Estudioaren alokairua ordaintzeko diru franko behar izan dugu. Eta orain, urrian CD-DVDak fisikoki kalean salgai jarri ahal izateko, laguntza behar dugu. Aldez aurretiko erosleak behar ditugu. Zu behar zaitugu!

20 HAUR KANTA BERRI, FRESKO ETA DANTZAGARRI
Ene Kantak proiektuko kideek haurrentzako euskarazko abesti berriak eta freskoak sortzen dituzte. Eta, zenbaitetan, herri kantuak moldatu eta gaurkotu egiten dituzte. Haurrek erraz imitatzeko moduko koreografiak ere asmatzen dituzte kanta horiei guztiei loturik, askotan haurren beraien laguntzarekin. Halaber, euskararen alde diharduten taldeak diruz laguntzen dituzte.
Lehen CD-DVD-a Sortzen-en alde egin zuten, hainbat gairi buruzko kantuekin. Bigarrena, neguaren inguruko abestiekin, Nafarroako Bertsozale Elkartearen alde. Eta orain, hirugarrena prestatzen ari dira -ari gara-, itsasoaren gaineko letrekin, Euskalerria Irratia laguntzeko: 20 kanta berri, sardinak bezain freskoak!
Kantak euskal kultur, kirol zein gizarte munduko pertsona ezagunek abestu ohi dituzte. Eta haiek beraiek parte hartzen dute bideoklipetan. Bideoetako zein CD-DVDen azaletako irudi bizi eta ikusgarriak Kukuxumusu-ko lagunek egiten dituzte. Ekimenak oso harrera ona izan du haurren artean, abestiak oso egokiak baitira haiek abesteko zein dantzatzeko.

23 ABESLARI HANDI
Lagun asko dituzte Euskalerria Irratiak eta Ene kantak ekimenak. Horren erakusle, kanten soinu zein bideo grabazioetan parte hartu duten goi mailako musikari, bertsolari eta kirolarien zerrenda:
Fermin Muguruza (musikaria)
Ruper Ordorika (musikaria)
Mikel Urdangarin (musikaria)
Imanol Ubeda (Bide Ertzean taldeko musikaria)
Zuriñe eta Fran (Hesian taldeko musikariak)
El Drogas (musikaria)
Kutxi Romero (Marea taldeko musikaria)
Manolo Garcia (musikaria)
Igor Ijurra (iruñeko orfeoiko zuzendaria)
Alaia Martin (bertsolaria)
Oinatz Bengoetxea (pilotaria)
Abel Barriola (pilotaria)
Jon Apezetxea (pilotaria)
Nagore Arizaga (Bera-Berako eskubaloi jokalaria)
Ana Isabel Martinez (Bera-Berako eskubaloi jokalaria)
Silvia Ederra (Bera-Berako eskubaloi jokalaria)
Oier Sanjurjo (Osasunako futbolaria)
Asier Riesgo (Osasunako futbolaria)
Markel Bergara (Realeko futbolaria)
Imanol Agirretxe (Realeko futbolaria)
Gorka Iraizoz (Athleticeko futbolaria)
Mikel San Jose (Athleticeko futbolaria)

500 DANTZARI TXIKI
Kanta bakoitzak bideoklip bat izanen du. Bideoklip bakoitzean, kanta abesten duen pertsona ezaguna agertuko da, baina baita haur mordoa ere, kantaren koreografia dantzatzen. Euskal Herri osoko 12 ikastetxeko haurrek parte hartu dute ekimenean. Orotara, 500 neska-mutil. Honatx bideoetan parte hartu duten ikastetxeen zerrenda:
Bilboko Karmelo ikastola
Hondarribiko Talaia ikastetxea
Tolosako Laskorain ikastola
Leitzako Erleta ikastetxea
Iruñeko Buztintxuri ikastetxea
Iruñeko San Frantzisko ikastetxea
Txantreako Bernart Etxepare ikastetxea
Zangozako ikastola
Burlatako Ermitaberri ikastetxea
Tafallako Garcés de los Fayos ikastola
Zizurko Erreniega ikastetxea
Antsoaingo Ezkaba ikastetxea

HAMAIKA EURO EUSKALERRIA IRRATIARENTZAT
1.000 erosle behar ditugu, CD-DVDa plazaratu ahal izateko. Saltokietara eraman ahal izateko. Edonola ere, proiektu honekin lortzen ditugun etekinen erdia Euskalerria Irratiarentzat izanen da. Beste erdia Ene kantak-en hurrengo proiektua finantzatzeko erabiliko da, oraingoaren gastuak behin kitatuta.
Euskalerria Irratia Iruñerriko irrati euskaldun eta independentea da. Iruñerrian fisikoki sakabanaturik bizi diren 30.000-35.000 euskaldunentzat kohesiorako tresna garrantzitsua. Euskaldunek elkarren berri edukitzeko gunea, topalekua, plaza da. Betiere plaza alegala; izan ere, 26 urte daramatza dialean lizentziarik gabe, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatzen diolako. Epaileek hirutan ebatzi dute Gobernuak ilegalki gauzatu duela ukazio hori.
Edonola ere, Euskalerria Irratiak Nafarroa ofizialaren berri ez ezik Nafarroa errealaren berri ere ematen du. Euskaldunei plus bat ematen die, Nafarroako panorama mediatiko latzaren ingurumarian. Eta komunikazio proiektu bizia da. Datorren urtean, Tokikom-ekin elkarlanean, Iruñerrirako agerkari digital berria jarri nahi du martxan. Baina alegaltasun horretan aurrera egin ahal izateko, proiektu berriak gauzatu ahal izateko, finantzazioa behar du. Horregatik antolatu dugu honako auzolan hau: Euskalerria Irratiarentzako hamaika euro lortzeko! (uler bedi 'hamaika' zentzu mugagabean, prefosta).
Eman bidea Euskalerria Irratiari!

LAN EGUTEGIA
Zuen donazio edota aportazioak egindakoan eta kanpaina bukatutakoan hau da jarraituko dugun prozesua:
  • Estudioan grabatu beharreko 20 abestiak jada grabatuta eta editatuta daude, parte hartu duten guztiekin.
  • 12 ikastetxeetan dantzatu duten 500 ikasleen irudiak ere hartuta daude, eta baita abeslarien irudi grabaketa ere.
  • Zer falta zaigu? Bideoklip guztiak muntatzen hasi gara eta uztaila bukaerarako denak bukatuta izatea espero dugu. Asko dira!!
  • Abuztuaren erdialdera arte Kukuxumusuk egindako marrazkiekin DVDaren liburuxka eta azala maketatuko ditugu.
  • Abuztuaren erdialdean lan guztia bukatuta fabrikatzera bidaltzen badugu, irailaren erdialdean eskutan izango dugu. Pakete guztiak prestatzea eta zuen etxeetara bidaltzea izango litzateke hurrengo pausoa: urriaren lehen astean, zuen etxeetan!
  • Bitartean, email bidez ematen ari garen pausoen berri emango dizuegu. Aldi berean, esklusiban diskoan entzun eta ikusi ahal izango duzuen materiala erakutsiko dizuegu, inor baino lehen informatuta egon zaitezten.
ZEINENTZAT IZANGO DA ZUEN EKARPENA?
Aurrekontua 20.000 euro baino gehiagokoa izan arren, zuen ekarpena cd-dvd-en 4500 kopiak egiteko, diskoaren diseinurako eta promozio ahalik eta onena egiteko erabiliko dugu. Finantziazio gehiago lortuko bagenu, ale gehiago egingo genituzke eta diskoa bera ahal den neurrian hobetu-osotuko genuke.

OHARRAK
  • Bidalketa gastuak gure kontu. Diru ekarpenei ez diegu halakorik gehituko.
  • Zure diru ekarpenarekin kamiseta bat jasotzea badagokizu, gu jarriko gara harremanetan zurekin neurria aukera dezazun
  • Euskalerria Irratia laguntzeko modurik eraginkorrena bazkidetzea da. 100 euroko ekarpenarekin hori egiteko aukera ematen da. Azalpen gehiago hemen.
  • Ene kantak ekimenak bere abestiekin 'Liburu magikoa' ikuskizuna osatu du Eta 1.500 euroko ekarpenarekin horren emankizun bat kontratatzen da. Informazio gehiago, hemen.
  • Gure proiektu honen berri gehiago jaso eta horren inguruko argazki zein bideoak ikusi ahal izateko:

Thursday, May 8, 2014

UPNren gobernuko kideen esku dago irrati lizentzien banaketa

Iruñerriko FMko bi baimenen adjudikazioa kontratazio mahai berriak egingo du, «beste inorengana jo beharrik gabe»

1997ko lehiaketaren aurreneko zatia ontzat jo dute; Euskalerria Irratia lehen tokian zen

(Gaurko Berrian agertzen den notizia. Iruñerriak euskarazko irrati bat gutxienez merezi duela aspaldi dakigu eta iruindarrek ederki dakite... orain epaia eman behar dutenek ere jakin beharko lukete)

Euskalerria Irratiaren estudioko irudi bat. Euskarazko irratiak urte ugari daramatza lanean lizentzia bat lortzeko.
Nafarroako Gobernuak berak erabakiko du 1997ko irrati lizentzien lehiaketatik emateko dauden Iruñeko bi baimenak nori eman. Hain zuzen ere, gobernuan karguak dituzten bost pertsona aukeratu dituzte ebazpena emango duen kontratazio mahaia osatzeko. «Beste hirugarren batengana jo beharrik gabe» emango du lehiaketaren ebazpena, UPNren gobernuak aditzera eman duenez. «Autonomia osoa izango du bere funtzioetan». Lehiaketaren bigarren partearen inguruan erabakiko du mahaiak. Aurreneko zatia lehen bezala mantenduko da, eta horretan Euskalerria Irratia zen lehen tokian.

Nafarroako Gobernuaren arabera, 1997ko kontratazio mahaiaren osaketa aldatu egingo da, soilik bost kideetako batek mantentzen dituelako izendatu zuteneko baldintzak. Gobernuak zabaldutako oharrak dio mahaia komunikazio aditu batekin, telekomunikazio aditu batekin eta kontu hartzaile batekin osatuko dutela. Honako hauek osatuko dute kontratazio mahaia: presidentea Edurne Elio izango da, Nafarroako Gobernuko bozeramaile bulegoaren komunikazio zuzendaria; ordezkoa Fatima Baigorri Erakundeen Arteko Harremanen zuzendari nagusia litzateke. Beste kideak dira Juan Jose Balerdi Nafarroako Gobernuko Komunikazio zerbitzuko zuzendaria, Miguel Rios Martin Presidentearen Departamentuko azpiegitura teknologikoen zerbitzuko zuzendaria, Iñaki Ilundain Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendaritzaren zerbitzu juridikoko burua eta Luis Ceras Ekonomia Departamentuko kontu hartzailea. Mahaiko kide guztien ordezkoek ere karguak dituzte Nafarroako Gobernuan.

Lehiaketan onartutako 24 enpresei atzo jakinarazi zien gobernuak foru agindua. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute gaur, eta datozen egunetan Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Hiru epai, hirurak berdin

Nafarroako Kultura kontseilariak onartutako foru aginduak Espainiako Auzitegi Gorenak urtarrilean emandako epaiari erantzuten dio. Nafarroako Gobernuak irrati lizentziak banatzeko 1998an egindako prozesua bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak, Euskalerria Irratiari arrazoia emanez. Prozesua ez zela zuzena izan eta bigarren fasea errepikatu beharko zela ebatzi zuen epaitegi horrek.

Aurretik, 2005ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Nafarroako Gobernuko Komunikazio zuzendari nagusi Angel Sanz Bareak gaizki jokatu zuela. Izan ere, kontratazio mahaiak baloratu gabe utzitakoa bere kabuz baloratu zuen Sanz Bareak, eta, ondorioz, Net 21 taldeari eta Nafarroako Unibertsitateari eman zizkieten Iruñerrian banatzeko zeuden bi lizentziak.

2006. urtean egin zuen Nafarroako Gobernuak, bigarrenez, bigarren fase hori. Balorazioa egiteko ardura, aldi horretan, Doxa izeneko enpresa pribatuaren esku utzi zuen gobernuak. Berriz ere, Net 21 eta Nafarroako Unibertsitatea izan ziren garaile. Eta, berriz ere, erabaki haren aurkako helegitea aurkeztu zuen Euskalerria irratiak. Balorazioa Doxaren esku uztea «irregularra» zela salatu zuten irratiko arduradunek. 2009an Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bigarrenez eman zion arrazoia Euskalerria Irratiari.

Lau arlo puntuak emateko

Bestalde, Auzitegi Gorenaren ebazpena betetzeak zenbait osagai gako dituela adierazi du Nafarroako Gobernuak. «Lehiaketa erabakiko duen lege esparrua 1986ko foru legearen araberakoa da. Baina lege hori jada ez dago indarrean. Ikus-entzunezko merkatua arautzeko lege berria dela eta, Nafarroako Gobernuak 2012an antolatutako irrati eta telebista lehiaketetan jada ez da lege hori aplikatu». Osatutako mahai berriak, bestalde, izaera «multidisziplinarioa» izango du. «Izaera horrekin, hain zuzen ere, erabaki ahalko du mahaiak lehiaketan puntuatzeko falta den zatia», jakinarazi du gobernuak.

Puntuak emateko lau alor falta dira: informazio, kultur edo hezkuntza programazioa (hamar puntura arte); Nafarroako kultur, historia eta gizarte balioen sustapena programazioko edukietan (hamar puntura arte); bideragarritasun ekonomikoa eta jarraikortasuna izateko berme profesionala (hamabost puntura arte); eta bideragarritasun teknikoa (hamabost puntura arte).