Iruñerriko FMko bi baimenen adjudikazioa kontratazio mahai berriak egingo du, «beste inorengana jo beharrik gabe»
1997ko lehiaketaren aurreneko zatia ontzat jo dute; Euskalerria Irratia lehen tokian zen
(Gaurko Berrian agertzen den notizia. Iruñerriak euskarazko irrati bat gutxienez merezi duela aspaldi dakigu eta iruindarrek ederki dakite... orain epaia eman behar dutenek ere jakin beharko lukete)
Nafarroako Gobernuak berak erabakiko du 1997ko irrati lizentzien lehiaketatik emateko dauden Iruñeko bi baimenak nori eman. Hain zuzen ere, gobernuan karguak dituzten bost pertsona aukeratu dituzte ebazpena emango duen kontratazio mahaia osatzeko. «Beste hirugarren batengana jo beharrik gabe» emango du lehiaketaren ebazpena, UPNren gobernuak aditzera eman duenez. «Autonomia osoa izango du bere funtzioetan». Lehiaketaren bigarren partearen inguruan erabakiko du mahaiak. Aurreneko zatia lehen bezala mantenduko da, eta horretan Euskalerria Irratia zen lehen tokian.
Nafarroako Gobernuaren arabera, 1997ko kontratazio mahaiaren osaketa aldatu egingo da, soilik bost kideetako batek mantentzen dituelako izendatu zuteneko baldintzak. Gobernuak zabaldutako oharrak dio mahaia komunikazio aditu batekin, telekomunikazio aditu batekin eta kontu hartzaile batekin osatuko dutela. Honako hauek osatuko dute kontratazio mahaia: presidentea Edurne Elio izango da, Nafarroako Gobernuko bozeramaile bulegoaren komunikazio zuzendaria; ordezkoa Fatima Baigorri Erakundeen Arteko Harremanen zuzendari nagusia litzateke. Beste kideak dira Juan Jose Balerdi Nafarroako Gobernuko Komunikazio zerbitzuko zuzendaria, Miguel Rios Martin Presidentearen Departamentuko azpiegitura teknologikoen zerbitzuko zuzendaria, Iñaki Ilundain Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendaritzaren zerbitzu juridikoko burua eta Luis Ceras Ekonomia Departamentuko kontu hartzailea. Mahaiko kide guztien ordezkoek ere karguak dituzte Nafarroako Gobernuan.
Lehiaketan onartutako 24 enpresei atzo jakinarazi zien gobernuak foru agindua. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute gaur, eta datozen egunetan Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Hiru epai, hirurak berdin
Nafarroako Kultura kontseilariak onartutako foru aginduak Espainiako Auzitegi Gorenak urtarrilean emandako epaiari erantzuten dio. Nafarroako Gobernuak irrati lizentziak banatzeko 1998an egindako prozesua bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak, Euskalerria Irratiari arrazoia emanez. Prozesua ez zela zuzena izan eta bigarren fasea errepikatu beharko zela ebatzi zuen epaitegi horrek.
Aurretik, 2005ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Nafarroako Gobernuko Komunikazio zuzendari nagusi Angel Sanz Bareak gaizki jokatu zuela. Izan ere, kontratazio mahaiak baloratu gabe utzitakoa bere kabuz baloratu zuen Sanz Bareak, eta, ondorioz, Net 21 taldeari eta Nafarroako Unibertsitateari eman zizkieten Iruñerrian banatzeko zeuden bi lizentziak.
2006. urtean egin zuen Nafarroako Gobernuak, bigarrenez, bigarren fase hori. Balorazioa egiteko ardura, aldi horretan, Doxa izeneko enpresa pribatuaren esku utzi zuen gobernuak. Berriz ere, Net 21 eta Nafarroako Unibertsitatea izan ziren garaile. Eta, berriz ere, erabaki haren aurkako helegitea aurkeztu zuen Euskalerria irratiak. Balorazioa Doxaren esku uztea «irregularra» zela salatu zuten irratiko arduradunek. 2009an Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bigarrenez eman zion arrazoia Euskalerria Irratiari.
Lau arlo puntuak emateko
Bestalde, Auzitegi Gorenaren ebazpena betetzeak zenbait osagai gako dituela adierazi du Nafarroako Gobernuak. «Lehiaketa erabakiko duen lege esparrua 1986ko foru legearen araberakoa da. Baina lege hori jada ez dago indarrean. Ikus-entzunezko merkatua arautzeko lege berria dela eta, Nafarroako Gobernuak 2012an antolatutako irrati eta telebista lehiaketetan jada ez da lege hori aplikatu». Osatutako mahai berriak, bestalde, izaera «multidisziplinarioa» izango du. «Izaera horrekin, hain zuzen ere, erabaki ahalko du mahaiak lehiaketan puntuatzeko falta den zatia», jakinarazi du gobernuak.
Puntuak emateko lau alor falta dira: informazio, kultur edo hezkuntza programazioa (hamar puntura arte); Nafarroako kultur, historia eta gizarte balioen sustapena programazioko edukietan (hamar puntura arte); bideragarritasun ekonomikoa eta jarraikortasuna izateko berme profesionala (hamabost puntura arte); eta bideragarritasun teknikoa (hamabost puntura arte).
No comments:
Post a Comment