2014ko Rikardo Arregi sariak dagoeneko banatu berri dira eta Berrian aurkitu dut informaziorik oparoena, nahiz eta ETBn bideo bat ere editatu eta emititu duten. Rikardo Arregiren soslaia ez dugu orain gogoratuko, baina agian bati baino gehiagori harrigarria egingo zaio Rikardo Arregi zena gaur egun iritzi emaile den Joseba Arregiren anaia zela jakitea.
Edozein kasutan, zorionak irabazleei aldaketa garaian gauden sasoi honetan. Izan dezagula zorroztasuna ontzia norabide egokian jartzeko eta etor dakigula ausardia euskarazko kazetaritzari eusteko gure aurrekoek egin zuten bezala.
Ondorenean datorrena gaurko Berriatik aterata dago, bideo eta guzti.
Ilusioa saritu dute. Urte zailak izaten ari
dira euskarazko kazetaritzarentzat, baina, etsipena alboratuta eta
oztopoak gaindituta, ilusioz egindako hiru lanek lortu dituzte aurtengo
Rikardo Arregi kazetaritza sariak. Hirurak BERRIA egunkariari lotuak: Beñat Zamalloa Akizu kolaboratzaileak jaso du sari nagusia, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren berri emateko egindako lanagatik; Garikoitz Goikoetxea
kazetariak irabazi du Kazetari Berria saria, Euskal Herriko
demografiari buruzko erreportaje sortagatik; eta BERRIAko talde handi
bati eman dio epaimahaiak sari berezia, GAL 30 urte webguneagatik.
Atzo banatu zituen Andoaingo Udalak aurtengo Rikardo Arregi sariak,
Bastero kulturgunean (Gipuzkoa). Krisi eta aldaketa garaiotan, euskaraz
diharduten herri ekimeneko komunikabideen beharra nabarmendu zuten hitza
hartu zutenek, tartean Ana Karrere Andoaingo alkatea: «Zuetako bakoitza
ezinbesteko katebegia zarete. Izugarria da egiten ari zareten lana:
Euskal Herri euskalduna ulertarazteko zimenduak eraikitzen ari zarete».
Sarituen txandan, Eider Goenaga
izan zen lehena agertokira igotzen; GAL 30 urte webgunea eta liburua
sortzeko, BERRIAren ia berrogei laguneko taldea koordinatzeaz arduratu
zen. Berriki zendutako Aitor Renteria Txato lankideari eskaini zion
epaimahaiaren sari berezia: «Lan honetan zutabe inportantea izan zen.
Erabat inplikatua egon zen; beharrezkoa zela uste zuen; bera gabe lan
hau ez litzateke berdina izango».
Epaimahaiak ere Txatoren «luma zorrotz eta jantzia» ekarri zuen
gogora. Oro har, GALi buruzko multimedia lana «erreferentziatzat» jo
zuen: «Lan mardula da, noizbait egin behar zena, kazetaritzak
gizartearekiko konpromiso irmoa baitu».
Garikoitz Goikoetxearen lana, berriz, «datu kazetaritza adibide
eredugarria» izateagatik saritu zuten. Biztanleria, etxebizitza, familia
ereduak eta migrazioak jorratu zituen, besteak beste, 2013ko uztailean
argitaratutako sei erreportajeetan: «Zorrotza datuak emateko unean, baina irakurtzeko eta interpretatzeko errazak izatea lortu du».
Adostasun eske
Esker on hitzak izan zituen Goikoetxeak ahotan, etxekoentzat zein
lankideentzat, eta aitorpena eskatu zuen euskarazko kazetaritzarentzat:
«Krisian gaude, egokitu beharra daukagu, gehiagorengana iritsi behar
dugu. Badakigu, eta ari gara. Baina aintzat hartzea behar dugu».
Hedabideok sendotzeko, adostasuna eta elkartasuna ere galdegin zuen:
«Euskararik ez dutenen begietan eta belarrietan ohituta gaude ateak
itxita ikustera. Ez dezagun hori egin gure artean. Garaia da
euskalgintzaren eta administrazioaren arteko sareak josteko».
Azkenik, Beñat Zamalloa Akizuk Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan
egindako lana saritu zuten. BERRIAn ez ezik, Akordua blogean, Bizkaia
Irratian, Radio Vitorian, Hamaika Telebistan eta sare sozialetan eginiko
lana txalotu zuen epaimahaiak: «Idazkera ona eta dotorea erakutsi du,
edozein delarik erabilitako generoa».
BERRIAko Kultura saileko lankide guztiak izendatu zituen Zamalloak,
hitza hartzean, esker onez eta aitorpenez: «Badugu joera kazetari
eredugarriak kanpoan bilatzekoa, baina etxean baditugu eredugarri
askoak». Kritiko mintzatu zen, ordea, herri ekimeneko hedabideek
jasotzen duten babesaren inguruan. Galdera egin zien erakundeei:
«Komunikabideok ardura publikoz betetzen duten kazetaritzaren funtzio
publikoa aintzat hartuta, nolako herritarrak nahi dituzte agintari
politikoek?». Kezka hori aspaldikoa duela erantsi zuen: «Dagoeneko
ondorioztatu dugu aurrera egiteko jarrera ez dela nahikoa, hedabideok
une oro ari direlako baliabideak muturreraino eramaten, une oro ari
direlako berritzen, gizartearen abiadara egokitzen».
No comments:
Post a Comment