Total Pageviews

Saturday, December 13, 2014

«Hedabideak ispilu dira»


Elkarrizketa mamitsua Aitor Zuberogoitiari egindakoa. Gertuko Komunikabideen II. Jardunaldien berri txiripaz enteratu gara, Berria-ren web-atariari esker betiere. Hemendik hartua: http://www.berria.eus/paperekoa/1744/012/001/2014-12-11/hedabideak_ispilu_dira.htm


 Euskarazko hedabideen balio soziala eta gizarteari egiten dioten ekarpena neurtzeko egitasmoa aurkeztu du Hezikom ikerketa taldeak, Gertuko Komunikabideen II. Jardunaldian.

 

2014-12-11 / Gotzon Hermosilla


Gertuko Komunikabideen II. Jardunaldia egin zuten atzo Aretxabaletan (Gipuzkoa), Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezikom ikerketa taldeak antolatuta. Gai nagusi bat aletu zuten jardunaldian: gertuko komunikabideen balio soziala, euskarazko hedabideei arreta berezia jarriz, baina beste zenbait herrialdetan izandako esperientziak ere aintzat hartuz.

Jardunaldi hori baliatu zuten Hezikomeko kide Aitor Zuberogoitiak, Txema EgaƱak eta Eneko Bidegainek esku artean duten egitasmoa aurkezteko: euskarazko hedabideen gizarte ekarpena neurtzeko ikerketa. Aitor Zuberogoitia (Etxebarria, Bizkaia, 1972) Mondragon Unibertsitateko irakasleari egokitu zitzaion egitasmo horren xehetasunak azaltzea.

Balio sozialaz hitz egiten duzuenean, zertaz ari zarete?

Historia apur bat egin behar da kontzeptuaren nondik norakoak azaltzeko. Margaret Thatcher 1979an Erresuma Batuko lehen ministro eta 1981ean Ronald Reagan Ameriketako Estatu Batuetako presidente izendatu zituztenean, pribatizazio uholde handia gertatu zen, lehenagotik Milton Friedmanek eta Chicagoko Eskolak teorizatu zutena: estatuaren parte hartzea ahalik eta gehiena murriztu behar zen, eta lehentasuna ekimen pribatuari eman behar zitzaion. Diskurtso eta praktika horiek ikusirik, 1990eko hamarkadan erakunde batzuk hasi ziren euren jarduna sozialki zenbateraino zen garrantzitsua bistaratu nahian.

Orduan sortu zen «balio soziala» kontzeptua?

Bai. Kontrako erreakzio horretan, lehenengoa Kopenhageko Errege Antzokia izan zen (Danimarka); 1997an ikerketa bat egin zuen kalkulatzeko bere jardunak zenbat itzultzen dion gizarteari. Horren ostean beste hainbat etorri ziren. Ahalegin horien atzean antzeko mezua dago: «Guk diru publikoa jasotzen dugu, baina hori gizarteari itzultzen diogu, gure jardueraren onura gizartean gelditzen delako».

Euskal hedabideekin antzeko ikerketa bat egiteko proiektua aurkeztu duzue. Zergatik?

Askotan entzuten dugu ETB1 %2k baino ez dutela ikusten, euskal hedabideak diru laguntzetatik bizi direla eta antzeko mezuak, baina horri datuekin erantzungo dion ikerketarik ez dugu izan.

Zein fasetan dago proiektua?

Teoria arloa zedarritu ondoren, hurrengo pausoa da neurgailua bera zehaztea. Horretarako, Hezikom lantaldea osatzen dugunok ari gara prestakuntza jasotzen, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde batekin eta Deustuko Unibertsitateko beste batekin. Badago jarduera jakin baten balio soziala neurtzeko tresna bat, baina orain hori egokitu behar dugu euskarazko komunikabideen ezaugarri berezietara.

Eta hori nola egingo duzue?

Lehenbizi, tresna prest dagoenean probatu egin nahi dugu bi hedabidetan, BERRIAn eta Goiena-n. Bi komunikabideok ontzat eman dute ideia, baina sakon azaldu beharko diegu abenduaren amaieran eta urtarrilaren hasieran, eta hurrengo fasea izango litzateke interes taldeen mapa egitea.

Zer da hori?

Orain arte, ekonomia tradizionalean, helburua beti izan da etekinak sortzea enpresaren akziodunentzat, eta horren arabera neurtzen zen enpresa baten arrakasta. Kontzeptu honek ikuspegi hori gainditu nahi du: akziodunei ez ezik, enpresaren jardunak eragiten dien guztiei entzun behar zaie, eta horietako bakoitzari enpresaren jardunak zer ekartzen dion neurtu.

Eta nola neur daiteke hedabide baten balio soziala?

Hor hiru atal atzeman daitezke. Lehenik, eragin soziala duen balio ekonomikoa, hau da, hedabide horrek zenbat pertsona dituen soldatapean, inguruko hornitzaileei zenbateko erosketak egiten dizkien eta abar. Bigarrenik, balio sozial espezifikoa dugu, neurtzen zailena dena: adibidez, hizkuntzaren normalizazioan, terminologian eta abarretan ekartzen duen onura. Hirugarrenik, administrazioari zerga bidez itzultzen zaiona dago. Hiru horien batuketa da balio soziala.

Zure ustez, zer ekarpen egiten dio euskal gizarteari euskarazko hedabideen esparruak?

Hizkuntzaren joan-etorri librea bermatzeko azpiegitura bat dakar, eta uste dut funtsezkoa dela hori. Ispilu bat ere bada, hizkuntza komunitateak bere burua egunero islatuta ikusteko, eta erreferentzia esparrua, komunitate hori kohesionatzeko eta ez gehiago zatikatzeko. Baina errealitate materialago bat ere badago: hor jende asko ari da lanean, inguruan aberastasuna sortzen du, eta eragin handia duen jarduera ekonomikoa bideratzen du.

Tokian tokiko hedabideak eta nazio mailakoak kontrajarrita daude, edo osagarriak dira?

Elkarren osagarri izatera kondenatuta daude. Tokian tokikoa indartsu egotea ezinbestekoa da nazionalaren harrobia hortik etorriko delako, eta nazio mailakoa indartsua izatea ere funtsezkoa da, dudarik gabe, hizkuntza komunitatea egituratzeko

Hekimen: "Euskal hedabideek ezin dute murrizketa gehiago jasan"

 Hekimen euskarazko komunikabideen elkartearen agerraldia Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Euskara Batzordean.
Juanan Ruiz/ Argazki Press
 Hona hemen gaurko Berria-n ikusitako notizia bat. Ez bakarrik euskaltzale bezala, euskal herritar bezala erakiten didan (digun) arazoa da guztion arreta eskatzen duena. Ea gogoeta pizteko balio duen. Hemendik hartua: http://www.berria.eus/albisteak/106323/hekimen_euskal_hedabideek_ezin_dute_murrizketa_gehiago_jasan.htm

Ahalegina eskatu die Eusko Legebiltzarrean 2015eko aurrekontuak eztabaidatzen ari diren talde politikoei murrizketen aurreko egoerara itzultzeko

Euskal hedabideen elkarte Hekimenen batutako komunikabideek argi dute beste "norabide" bat hartu behar dutela Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideetara zuzentzen dituen diru laguntzek. Eskaera zehatza egin dute: 2008ko egoerara itzuli nahi dute. "Murrizketak hasi aurreko egoerara bueltatzeko", esan dute. Eta dirutan ere neurtu dute norabide aldaketa horrek ekarri beharko lukeena. "Milioi bat euroko diru laguntza beharko lukete hedabideek". Oroitarazi dute euskararentzako aurrekontuek, eta, ondorioz, hedabideen finantziazio publikoak, beheranzko joera hartu dutela azken urteotan, eta ezin dela beherako bide horretan jarraitu. "Etorkizunera begira", finantziaziorari buruz "gogoeta sendo eta partekatua" egiteko prest daudela adierazi dute, lehendik hainbatetan argi utzi duten gisan.