Euskaraz aritu zen lehen emakumezko esataria izan zen; zortzi urte zituela, aitarekin egin zuen lehen ahalegina, ‘Union Radio’n
2015(e)ko urriaren 1a, osteguna -
Vista:
dOnostia - Amale Arzelus Arrieta (Donostia, 1924 - 2015) euskaltzalea eta irrati esataria zendu zen herenegun. Irratiz euskaraz aritu zen lehen emakumea izan zen Arzelus.
1924an jaio zen Donostian, Ander Arzelus Luzearren eta Amalia Arrietaren sendian. Txikitatik, bere aitaren eskutik, euskararen aldeko lanetan aritu zen, bai euskal irratian, bai antzezlanetan (Neskamearen marmarrak antzerkitxoa berak antzezteko idatzi zuen).
1932ko martxoaren 2an euskarazko lehen irratsaioa egin zuten Luzearrek eta Joseba Zubimendik, Donostiako Union Radio irratian. Amale, zortzi urte besterik ez zituela, irratiz euskaraz aritu den lehen emakumea izan zen. Aitak idatzitako bakarrizketa, antzezlan eta hi-tzaldien esatari izan zen haurra, garaiko euskal kulturaren izen handien artean. Haiengandik ikasitako euskararekiko maitasunari eutsi zion bizitza osoan; esatari, antzezle, andereño eta Euskarazaintzako kide gisa, nagusiki.
Irratsaio hartan, mikroaren aurrean pasa ziren, besteak beste, Xabier Lizardi, Aitzol, Telesforo Monzon, Emeterio Arrese, Orixe, Toribio Alzaga, Elbira Zipitria, Tomas Garbizu, Jean Lafite... Bitxia bada ere, orduko prentsak bera hartu zuen izartzat, hain zen txikia eta bizia donostiarra.
1936ko Gerra Zibilean, Bilbotik igaro ondoren Ipar Euskal Herrira joan zen sendi osoarekin, aita izan ezik, Santoñan preso hartu baitzuten eta 1944 arte kartzelaturik eduki. 1948an, Elbira Zipitriarekin batera, ikastola klandestinoak sortu zituzten Donostian, bakoitzak bere etxean. Urte berean Andoni Zinkunegirekin ezkondu zen, eta urtebete geroago haien lehen semea jaio zen, Ander.
1968ra arte jarraitu zuen Amalek haur-ikastolekin, eta ordutik aurrera adinekoekin ahalegindu zen, beste urte askoan. Horrezaz gain, Euskerazaintzako kide izan zen bere azken eguneraino. - N.G
No comments:
Post a Comment