Otsailean eginiko eran, mezu batua idatzi dute ostera, sektorea estrategikoa bada ere, horrek aurrekontuetan islarik ez duelako
«Behar eta merezi» duten trataera izango ez duten beldur, instituzioei mintzatu zaizkie
«Kezkagarriak». Erakunde publikoetako aurrekontu proposamenak deskribatzeko adjektibo hoberik ez dute aurkitu hiztegian euskarazko hedabide ez-publikoek. Mezu bateratua plazaratu dute, igaro otsailean egindako moduan, instituzioei sektore «estrategikoa» direla oroitarazteko eta horren araberako diru sailak eskatzeko. Urte hasieran, agerraldi publikoa egin, eta kanpaina bateratua abiatu zuten 80 hedabidek baino gehiagok. Xede argiak plazaratu zituzten: sektorearen estrategikotasuna eta beharra azpimarratzea, erakunde publikoei hedabideekiko konpromiso handiagoa eskatzea, eta alorraren analisia egin eta azterketa horretatik abiatuta ildo nagusiak erakundeekin lantzea. Orain, erakunde publikoen datorren urteko aurrekontu proposamenetan, ordea, ez dute komunikabideekiko jarrera egokirik ikusi. Sektoreak «behar eta merezi» duen trataeratik urrun ikusi dituzte.
Kritikoa da erakunde publiko ia guztien aurrekontuen irakurketa, murrizketen bidea hautatu baitute ia denek. Nafarroako Gobernuaren laguntzak, esaterako, datorren urtean «ezerezean» geratuko direla esan dute. Jaurlaritzari ere «gupidarik» gabe jokatzea egozten diote: aurten baino 400.000 euro gutxiago eman nahi ditu datorren urtean euskarazko hedabideentzat. Gainerako erakundeetan ere, estutasunak nagusi: Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako, aurreko bi urteetan laguntzak asko murriztu ostean, adierazi du iazkoari eutsi baino ez diola egingo aurten. Bizkaiko Foru Aldundia izango da diru saila handitzeko asmoa duen bakarra: %12ko igoera. Iparraldean, berriz, euskaldun hiztunen galera bizkorraren ziotzat dute «anbiziorik gabeko hizkuntza politika». Euskaraz ari diren hedabide ez-publikoak, testuinguru horretan, erakundeen laguntza urriarekin ari direla salatu dute.
Mezu argia helarazi diete instituzioei: sektorearen garrantzia aintzat hartuta euskarazko hedabideentzako laguntzak handitzeko. «Argi dugu aurrera egiteko ezinbestekoa dugula erakunde publikoen laguntza handiagoa».
Agiria
Euskarazko hedabideek erakundeen konpromisoa behar dute
Bederatzi hilabete badira euskarazko hedabide ez-publikook agerraldi publikoa eta kanpaina bateratua egin genituela, hiru helburu nagusirekin:
1. Sektorearen estrategikotasuna eta beharra azpimarratzea. Komunikazioaren eta hizkuntz normalizazioaren ikuspegitik ez ezik, ekonomia ikuspegitik ere estrategikoa eta garrantzi handikoa den sektore bati buruz ari gara hitz egiten.
2. Erakunde publikoei sektorearekiko konpromiso handiagoa eskatzen zitzaien, publizitate-inbertsio, bestelako inbertsio eta laguntza handiagoak, gaurtik bertatik hasita.
3. Horretaz gain, sektoreak egoeraren analisia egin eta analisi horretatik abiatuta ildo nagusiak erakundeekin lantzen hasteko konpromisoa hartu zuen.
2012. urtea ate-joka dugu, eta erakundeetatik sektoreari begira jasotzen ari garen mezuak kezkagarriak dira, ikaratzeko modukoak.
1. 2012rako aurrekontu proposamenean jasota daudenak betetzen badira, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideentzako zituen diru laguntzak ezerezean dira, 2012ko aurrekontuetatik erabat desagertuko da hedabideetan euskara sustatzeko diru saila. Gainera, 2011ko bigarren epealdiko laguntzak desagertzeko arriskua ere handia da.
2. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak onartzen badira, erakunde horrek aurten baino 400.000 euro gutxiago bideratuko ditu 2012an hedabideen diru laguntzetara. Urteetan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrak goraka joan direnean, euskalgintzara eta euskarazko hedabideetara bideratutako diru sailak ez dira handitu; orain, aurrekontuetan estutasunak sortu direnean, ez dago gupidarik: lehendik estu dabilen sektore bati are kalte handiagoa egiteko aukera zabalduko da.
3. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011ko diru sailari eustea aurreikusi du —aurreko bi urteetan asko jaitsi da diru sail hori, eta ez du handituko—. Bizkaiko Foru Aldundia da 2012rako bere aurrekontuetan diru saila handitzea aurreikusi duen bakarra —47.500 euro gehiago, %12ko igoera—.
4. Eta zer esanik ez Iparraldeari buruz, non euskaldun hiztunen galera bizkorra (hizkuntza politika publiko baztertzailearen ondorioz) anbiziorik gabeko hizkuntza politika batekin paraleloan doan. Enpresa pribatuek euskarazko hedabide berriak sortzen dituzte; eta laguntza publikoak, berriz, oraindik geldialdi berean daude. Aldi berean, botere publiko gehienek ez dituzte kontuan hartzen euskarazko hedabideak beren publizitate kanpaina ordainduetan.
Jakitun gara sektorearen etorkizuna gure lanaren baitan dagoela nagusiki. Guk geuk ere aztertu behar ditugula gure indargune eta ahuldadeak; sektorean elkarrekin jardunda errazagoa izango zaigula garai zail honi aurre egitea. Zeregin horretan ari gara hilabete hauetan, eta laster batean gure hausnarketa instituzioetako arduradunekin partekatu ahal izango dugu. Baina argi dugu aurrera egiteko ezinbestekoa dugula erakunde publikoen laguntza handiagoa, eta hori ari gara aldarrikatzen une honetan.
Gaur egungo erakunde publikoen dinamikak ez du asko laguntzen bide horretan, eta ezin dugu isilik geratu ikusten dugunean euskarazko hedabideen sektoreak ez duela erakunde publikoen 2012ko aurrekontu proposamenetan behar eta merezi duen trataera jasoko, ustez denen begietara sektore ezinbesteko eta estrategikoa izan arren. Horregatik, erakundeei publikoki eskatzen diegu gaiaren garrantzia kontuan hartzeko eta aurrekontuak ahalik eta gehien egokitzeko, diru sailak handituz.
2011ko abenduaren 2an
Euskarazko hedabide ez-publikoak
No comments:
Post a Comment