2016/09/22
Lehen epe honetan, Iruñea, Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Tuterako barrutietan ikusi ahal izango da ETB2, eta Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Tuterako barrutietan, ETB3.
Ostegun honetan (irailak 22), EiTBk berriro ekin die Nafarroan telebista eta irrati emisioei LTD bidez. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak uztailaren 15ean sinatutako lankidetzarako hitzarmenaren babesarekin hartu da erabakia.
Lehen urratsa izango da, itunak jasotakoa betetzeko, alegia, EiTBren telebista eta irrati zerbitzuak Nafarroa osoan zabaltzeko LTD bidez.
Vaughan TVk bere telebista-lizentziari uko egin dionez, kanal autonomikoaren bidez ikusi ahalko dira ETB1 eta hiru irratiak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Gaztea) Nafarroa osoan. Lehen fase honetan, tokiko multiplexaren bidez sintonizatu ahalko da ETB2 Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Tuterako barrutietan. ETB3, berriz, Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Tuterako barrutietan hartu ahal izango dute.
Datorren astelehenetik aurrera, gainera, Nafarroa osoan, ETB1en, goizeko 07:00etatik 09:00etara, ETB3ko haur programazioa ikusi ahal izango da. Eskaintza hau, halaber, eskuragai dago eitb.eus-eko Hiru3ren webgunean eta EiTB Nahieranen.
Berriro sintonizatu behar, kasu guztietan
LTDko multiplex autonomikoan 26. kanalari dagokion espazioa liberatu ondoren, Nafarroako Gobernuak ETB1 emititzeko erreserbatu du, herritarrek euskarazko ikus-entzunezko eskaintza izan dezaten, gaztelaniazko eskaintza nagusi den inguruan.
ETB1ek multiplex autonomikoaren bidez lortu du Nafarroa guztiko estaldura, eta, horrenbestez, LTDko multiplex lokaletan erreserbatuta zeuzkan espazioak libre geratu dira. Espazio horiek ETB2ri eskaini zaizkio. Iruñean, adibidez, 38. kanalean.
Berrantolatu ondoren, honela geratuko dira kanalak:
Multiplex autonomikoa:
26. kanala: ETB1
Tokiko multiplexak:
Iruñeko barrutia: 38. kanala ETB2).
Tafallako barrutia: 31. kanala (ETB2, ETB3).
Lizarrako barrutia: 24. kanala (ETB2, ETB3).
Zangozako barrutia: 45. kanala (ETB2, ETB3).
Tuterako barrutia: 39. kanala (ETB2, ETB3).
Kasu guztietan, berriro sintonizatu beharko da telebista ETB ikusteko, eta, arazorik izatekotan, antenistarekin harremanetan jarri beharko da. Bide batez, berriro sintonizatu beharra aprobetxatuta, ETBren kanalak urrutiko aginteko lehen postuetan jartzera animatu nahi ditu EiTBk ikus-entzuleak.
EiTBk pozik hartu du LTD bidezko emanaldiei berriro ekitea
EiTBk pozik hartu du LTD bidezko emanaldiei ekitea berriro Nafarroan. Zuzendaritzak azaldu duenez, «poz handia dugu azken hilabeteetan ETBren eta EiTBko irratien seinalea hartzeko nahia agertu duen gizarte nafarrari erantzuna eman ahal izateagatik, ikus-entzuleen gogo eta kezkengandik hurbil dagoen hedabidea garenez gero».
«Sortu zenetik, EiTBk garbi izan du Nafarroako erakundeen errespetua eta bere jarduera euskararen esparru geografiko eta soziologikoaren barruan aurrera eramatea bateragarriak direla», erantsi dute.
Aurrerantzean ere, Nafarroako aktualitateak bere tartea izango du albistegietan, eta baita Euskal Irrati Telebistako programazioan ere.
No comments:
Post a Comment