Total Pageviews

Wednesday, October 19, 2016

Euskarazko komunikabideen egoera aztertuko dute Digitaro biltzarrean


Bihar eta etzi Leioan ariko dira; larunbatean, Bilbon. Duela hamabi urte egin zuten lehen biltzarra

 Gaurko Berrian ateratako notizia.

 euskarazko komunikabideak image bilaketarekin bat datozen irudiak
Bihartik larunbatera arte, euskarazko komunikazio esparruan lanean ari diren hedabideen egoera aztertuko dute biltzar batean. Bihar eta etzi, Leioan (Bizkaia) ariko dira hizlariak, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean; eta biltzarraren azken egunean, larunbatean, Bilbon ariko dira, Bizkaia aretoan. 2004. urtean, Euskarazko Komunikazioaren I. Biltzarra egin zuten. Digitalizazioaren atarian ikusten zuten euren burua orduan euskarazko komunikabideek. Euskarazko hedabideen gaineko diagnostiko aitortza bat izan zen ordukoa. Hamabi urteren ostean, bigarren biltzarra antolatu du orain EHUk, beste eragile batzuen laguntzarekin —tartean BERRIA Taldea—.

Arantza Gutierrez EHUko irakasleak 2004ko biltzarraren antolakuntzan parte hartu zuen, baita aurtengoan ere. Komunikazioaren alorrean aldaketa asko izan direla nabarmendu du: «Digitalizazioaren prozesua burutu dela esan genezake; teknologia edo euskarri berriak sortu dira —pantailak, sare sozialak...—; krisia ere egon da...». Behategia sortu izana aipatu du: «Horren inguruan EHUko ikerketa taldeak, Euskal Herriko beste unibertsitatekoak eta komunikazio eragileak batu gara; aurrera jo dugu». Hain zuzen ere, Behategiak aztertutako hainbat datu emango ditu Hekimenek larunbatean, Bilbon.

Biltzarrak hiru helburu nagusi dituela azaldu du Gutierrezek: «Gelditu eta gogoeta egin, egoera aztertu; egitasmo eta euskarri berriak edo berritzaileak ezagutu; eta gazteak euskarazko komunikabideetara hurbildu». Erronka handitzat jo du irakasleak ikasleei euskarazko komunikazio esparrua hurbiltzea eta ezagutaraztea.

Lehen biltzarra egin zenetik aldaketa teknologiko garrantzitsuak izan badira ere, bada aldatu ez den zerbait, Gutierrezen aburuz: «Aldatu ez dena da hizkuntza ez-hegemoniko edo gutxitu batean —euskaraz, alegia— oraindik arazoak daudela proiektuak era normalizatu batean aurrera eramateko; gaur, atzo bezala, erakunde publikoei inplikazio handiagoa eskatu behar zaie. Publizitatea euskaraz behar dugu, eta oraindik erdara da nagusi irrati dialetan, kioskoetan eta pantailetan».

Egingo diren hitzaldi eta mahai inguruez gain, hainbat adituk eta kazetarik hamabi minutu inguruko komunikazioak egingo dituzte, mintegika antolatuta. Eta Petxakutxa saioan, etzi, egitasmo berritzaileak aurkeztuko dituzte. Halaber, akta liburu batean jasoko dituzte egileek baimendutako eduki guztiak. Biltzarreko saioak grabatu egingo dituzte

No comments:

Post a Comment