Bihar eta etzi Leioan ariko dira; larunbatean, Bilbon. Duela hamabi urte egin zuten lehen biltzarra
Gaurko
Berrian ateratako
notizia.

Bihartik larunbatera arte, euskarazko komunikazio esparruan lanean ari
diren hedabideen egoera aztertuko dute biltzar batean. Bihar eta etzi,
Leioan (Bizkaia) ariko dira hizlariak, Euskal Herriko Unibertsitateko
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean; eta biltzarraren azken
egunean, larunbatean, Bilbon ariko dira, Bizkaia aretoan. 2004. urtean,
Euskarazko Komunikazioaren I. Biltzarra egin zuten. Digitalizazioaren
atarian ikusten zuten euren burua orduan euskarazko komunikabideek.
Euskarazko hedabideen gaineko diagnostiko aitortza bat izan zen ordukoa.
Hamabi urteren ostean, bigarren biltzarra antolatu du orain EHUk, beste
eragile batzuen laguntzarekin —tartean BERRIA Taldea—.
Arantza
Gutierrez EHUko irakasleak 2004ko biltzarraren antolakuntzan parte hartu
zuen, baita aurtengoan ere. Komunikazioaren alorrean aldaketa asko izan
direla nabarmendu du: «Digitalizazioaren prozesua burutu dela esan
genezake; teknologia edo euskarri berriak sortu dira —pantailak, sare
sozialak...—; krisia ere egon da...». Behategia sortu izana aipatu du:
«Horren inguruan EHUko ikerketa taldeak, Euskal Herriko beste
unibertsitatekoak eta komunikazio eragileak batu gara; aurrera jo dugu».
Hain zuzen ere, Behategiak aztertutako hainbat datu emango ditu
Hekimenek larunbatean, Bilbon.
Biltzarrak hiru helburu nagusi
dituela azaldu du Gutierrezek: «Gelditu eta gogoeta egin, egoera
aztertu; egitasmo eta euskarri berriak edo berritzaileak ezagutu; eta
gazteak euskarazko komunikabideetara hurbildu». Erronka handitzat jo du
irakasleak ikasleei euskarazko komunikazio esparrua hurbiltzea eta
ezagutaraztea.
Lehen biltzarra egin zenetik aldaketa teknologiko
garrantzitsuak izan badira ere, bada aldatu ez den zerbait, Gutierrezen
aburuz: «Aldatu ez dena da hizkuntza ez-hegemoniko edo gutxitu batean
—euskaraz, alegia— oraindik arazoak daudela proiektuak era normalizatu
batean aurrera eramateko; gaur, atzo bezala, erakunde publikoei
inplikazio handiagoa eskatu behar zaie. Publizitatea euskaraz behar
dugu, eta oraindik erdara da nagusi irrati dialetan, kioskoetan eta
pantailetan».
Egingo diren hitzaldi eta mahai inguruez gain,
hainbat adituk eta kazetarik hamabi minutu inguruko komunikazioak egingo
dituzte, mintegika antolatuta. Eta
Petxakutxa saioan, etzi,
egitasmo berritzaileak aurkeztuko dituzte. Halaber, akta liburu batean
jasoko dituzte egileek baimendutako eduki guztiak. Biltzarreko saioak
grabatu egingo dituzte