(Ana Urkiza idazleak transmititzen dizkigun esperientzia eta gogoeta interesgarriak)
HALAXE egin dugu Bankoa Crédit Agricole-n. Bankuan duela hiru urte abian jarritako euskara planarekin urrats berri bat eman beharra genuen; euskararen erabileraren inguruan jauzi bat gehiago. Hori dela eta, martxoan, aditu bat gonbidatu genuen gurera eta hark begiak ireki zizkigun. Planaz gain, eta planean txertatu ohi ditugun ekimen guztiez gain, jendearengana heldu behar genuela esan zigun. Baina ez edonola. Baizik eta beraien euskararekiko esperientzia ezagutuz. Eta ez zen txantxetako proposamena. Zer hoberik, nork bere esperientzia kontatu, besteek esperientzia hori ezagutu eta ulertu eta hortik aurrera guztion arteko kate eta konpromiso berriak eraikitzea baino?
Labur esanda, beraz, horixe Bankoa Crédit Agricole-n helburua. Hiru talde antolatu ditugu; talde ustez naturalak, hau da, elkarrekin lan egiten dutenak edota lan beretsua dutenak. Aurtengoan euskaradunen taldeak aukeratu ditugu, hasteko, errazagoa izango baita. Eta lehenengo bilera ere egin dugu. Guztira, lau saio izango dira eta berauetan, hizkuntza baten edo bestearen aukera eta erabilera egiteko ditugun arrazoiak eta erabiltzen ditugun argudioak aztertu nahi ditugu, azkenean, euskararen aldeko hautua nola egin dezakegun aztertzeko eta parte hartzen dutenen aldetik, hautu hori egiteko indarrak biltzea dugularik xede.
Lehen bileran, parte hartzaileek beraien iraganaz hitz egin dute. Euskararekin izan duten harremanaz. Eta asko liberatu egin dira. Atzoaren pisua kendu dute gainetik. Eguneratu egin dira. Eta, gainontzekook, liberazio hori ulertu dugu. Orain, gaurko errealitatea bere gordinean hartzeko prest gaude.
Egitasmo berritzaile honek, zalantzarik gabe, emaitza onak emango dizkigu. Eta lanik ez da falta; egitasmo bera, euskaraz egiten ez duten guztiekin egitea baitugu xede. Guztiok pisuz hustutzea eta etorkizunerako indarrez betetzea.
No comments:
Post a Comment