Total Pageviews

Wednesday, November 25, 2015

Euskarazko hedabideak, euskararen normalkuntza eta euskalgintzaren sustapena goiz bateko jardunaldi batean


Pasa den azaroaren 20an izan ziren, Bilbon, Euskaltzaindiak antolatuta, Jagon sailaren jardueraren pean. Hemendik aurrerakoa euskaltzaindiaren web-gunean dago: http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_content&Itemid=619&catid=121&id=4949&lang=eu&view=article

Euskarazko hedabideen egoera aztertu da Euskaltzaindiaren XX. Jagon Jardunaldian

jagon1 txikia
Gaur, azaroaren 20an, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuta, XX. Jagon Jardunaldia egin du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan, "Hedabideak euskararen sustapenean" gaiaren inguruan. Jardunaldiotan euskal komunikabideek euskararen sustapenean jokatzen duten rola aztertu da.
Gaia hiru multzotan aztertu da:
  • Hedabideak eta hizkuntza politika. Patxi Baztarrikak, Mikel Arregik eta Bernadette Soulék parte hartu dute. Andoni Egaña izan da moderatzailea.
  • Hedabideen egitasmoak. Alaitz Artolazabal, Martxelo Otamendi, Iñaki Guridi eta Jose Luis Aizpurua izan dira hizlariak, eta Marijo Deogracias moderatzailea.
  • Hedabideen kanpoko begirada. Mahai-ingurua egin da, solaskide hauekin: Leire Palacios, Beatriz Zabalondo, Aingeru Epaltza eta Alberto Barandiaran. Aitor Zuberogoitiak moderatu du.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jean-Baptiste “Battittu” Coyos Jagon sailburuak hasiera eman diote egunari, eta jardunaldiaren helburua azaldu.
Hedabideak eta hizkuntza politika
Lehenengo multzoan “Hedabideak eta hizkuntza politika” gaiaz aritu dira Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako sailburuordea, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen zuzendari nagusia eta Bernadette Soulé Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) zuzendaria.
Andoni Egaña bertsolari eta euskaltzain urgazleak moderatzaile lana egin duela, hiru solaskideek gai batzuk utzi dituzte mahai gainean.
Patxi Baztarrika
Baztarrikak hiru galdera nagusi egin ditu: zergatik dira garrantzizkoak euskarazko hedabideak euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko jardunean?, zein da Eusko Jaurlaritzaren jarduna euskarazko hedabideen sustapenean?, zein da euskarazko hedabideen erronkei buruz guk dugun ikuspegia eta, ondorioz, zein da indartu asmo dugun ildoa?
Esan duenez, “hizkuntza bizia izatea da erronka, hil ala bizikoa da, eta horretarako hedabideetan nor izatea da funtsezkoa”. Euskara gizartean eta euskara hedabideetan, txanpon baten alde bi direlakoan dago: euskara zenbat eta sendoagoa agertu hedabideetan, orduan eta handiagoa izango da bere presentzia gizartean. Eta alderantziz.
Hizkuntza Politikorako Sailburuordetzak ematen dituen diru-laguntzak aipatu ditu: “Ez dugu ezagutzen -azpimarratu du- tamaina horretako ahaleginik, beste hizkuntza minorizatuen kasuetan”. Bestalde, euskarazko hedabideen kontsumoa areagotzea egingarria dela esan du. “Euskara=txikitasuna=berezko desabantaila gainditu beharreko ekuazioa da” esan ostean, eraginkortasuna eta pluraltasuna errespetatu behar direla defendatu du, “hedabide mota guztiak direlako inportanteak. Erabiltzaile errealak sustatzea -gaineratu du- da erronka”.
jagon2 txikia
Mikel Arregi
Mikel Arregik, Nafarroak azken urteotan bizi izan duen egoerari begirada bota dio: aurreko Gobernuak euskarazko hedabideentzako zituen diru-laguntzak gero eta urriagoak izan ziren, eta azkenik, ezerezean geratu ziren.
Hortaz, gaur egun Nafarroako Gobernua egoera aztertzen ari da. Arregik esan duen bezala, hedabideak komunitate baten bizitzaren transmisoreak dira, beraz, oso garrantzitsuak dira. Hori horrela, aurrera begirako aurreikuspenak: Administrazioaren eta hedabideen arteko lankidetzaren oinarriak finkatzea, diru-laguntzen Foru Legeak ezarritakoa aintzat hartuz; euskarazko komunikabideen eragina aztertzea.
Euskarabideak Plan Estrategikoa egin behar du, eta horren barruan komunikabideek atal zehatza izango dute. Ondoren, aurreikusten diren erronkak edota zereginak aipatu ditu: aztertzen ari dira komunikabideekin hitzarmenak egiteko aukera; laguntza-politikak indartzea; hedabideen arteko lankidetza (Hekimen, Tokikom, Nafarpress). Oro har, euskarazko komunikabideei zuzendutako laguntzen irizpideak adostu eta finkatze da helburuetako bat, eta horretarako erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza bultzatu nahi da.
Bernadette Soulé
Bernadette Soulék “Iparraldean euskarazko prentsa, irratigintza eta telebista neurri handian elkarteek segurtatzen” dutela adierazi du eta Euskal Irratiak Federazioa osatzen duten lau irratien garrantzia argi utzi du: “Funtsezko papera betetzen dute Iparraldean euskara etxeetan hedatzeko”. Herria astekariak, EiTBk, Aldudarrak Bideo web telebistak, Radio Kultura web irrati elebidunak, Kazeta.info agerkari digitalak eta Berria egunkariaren Iparraldeko Hitza paperezko astekariak osatzen dute euskarazko prentsaren eskaintza.
Adierazi duenez, EEPren Hizkuntza politika proiektuak “hedabideak laugarren erronka gisa jartzen ditu. Alabaina irratiak, telebista, aldizkariak, eta web hedabideak tresna eraginkorrak dira hizkuntza hedatzeko etxeetan, jendartean eta bereziki gazteengan. Oro har hizkuntza paisaiari euskal itxura ematen dio, euskaraz hitz egiteko motibazioa indartuz".
Bi helburu eta sei norabide estrategiko finkatuak dira :
  • Euskarazko hedabideen eskaintza osatu: a) euskarazko hedabideak indartuz, b) euskararen lekua zabalduz oraingo hedabideetan, c) eskaintza berri bat asmatuz.
  • Hedabideak erabili euskara ikasteko eta hobetzeko: a) euskararen kalitate maila goratuz, b) irakaskuntza lagunduz, c) gazteak parte hartzera gomitatuz.
EEPk euskarazko hedabideekin hitzarmenak sinatu dituela esan du, eta hitzarmen horien guztien aipamena egin du. Azkenean, hedabideen eremuan, EEPk orain arte ukan duen politika partziala izan dela esan du. Hortaz, “hedabideen alorrean eramaten den ekintza publikoak, egituratze hobea eskatzen du, parte hartze handia, erronkaren heineko giza baliabideak ukaitea”.
Hedabideen egitasmoak
Marijo Deogracias kazetariak moderatzaile lana egin du eta Alaitz Artozabal Tokikometro zuzendariak, Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak, Iñaki Guridi EiTB Irrati taldeko zuzendariordeak eta Jose Luis Aizpurua Euskal Irratiak Federazioko erredaktoreburuak hitz egin dute.
Tokikom
Tokikom toki komunikabideen bilgunea da. 26 bazkide, 60 komunikabide eta 169 langile biltzen ditu. Hortaz gain, 650 laguntzailek dihardute. Alaitz Artozabalek adierazi duenez, honako erronkak aurreikusten dituzte: “hiperlokaltasunean oinarritutako zerbitzu eskaintza areagotzea komunitateari balio erantsia eskainiz eta balio erantsi hori komunikabidearekiko atxikimendu bilakatuz; segmentu, batez ere adin segmentu, berrietara ahalik eta hoberen heltzea; interneten lan egiteko forma eta negozio eredua aldatzea”.
Bestalde, “herri ekimeneko zentzua betiere oso presente edukita baina lehiakortasunaren ildotik, kudeaketa aurreratuari begira jarri nahi dugu. Hedabideek elkarrekin formakuntza prozesu bat hasi behar dute. Enpresa ikuspegia landu nahi dugu, gure hedabideen epe luzeko bideragarritasuna landu euskaran inbertitzen jarraitu ahal izateko”. Azkenik, tokiko beste komunikabide batzuekin batera, “lehiakorragoak bihurtuko gaituen sare bat osatu” nahiko luketela esan du.
jagon4 txikia
Berria
Martxelo Otamendik datu batzuk eman ditu: Berria egunkariaren zenbat ale saltzen diren -batez besteko, 12.800-, zenbat harpidetzaren bitartez (%73), zenbat kioskoan (%23). “Etxeko harpidetza -aitortu du- oso tresna baliagarria da guretzat”. “Berria laguna” figuraren garrantzia aldarrikatu du ondoren -”gure izarretako bat”- eta, gastuen kontrolarekin batera, ideia berrien presentziak izan duen eraginaz aritu da.
Hala, teknologia berrien etengabeko apustua, webgune indartsua, sakelako telefonoan kontsultatzeko egokitzapenak... Berriki astekari digitala zabaltzeari ekin dio Berriak; eta, Otamendik esan duenez, abenduan hasiko dira eguneko 10 albiste aukeratzen eta zabaltzen, egunak eman dituenen laburpen gisa.
Era berean, teknologia berrien erronkaren inguruan hausnarketa interesgarria egin du: lehen, irakurleak Berriaren webgunean sartu eta egunkaria, bere osotasunean, zeukan eskura. Orain, azpimarratu du, lagun batek igorritako txio baten bitartez, esteka baten gainean sakatu eta albiste soil bat irakurtzen dute askok. Irakurle askok, beraz, egunkariaren ikuspegi partziala, murriztua, dute. Horra hor beste erronka berria.
Diru-laguntzen inguruan ere aipamena egin du: txikiaren kaltetan ez ote diren banatzen. Galdera hori jarri du mahai gainean.
EiTB Irrati Taldea
Iñaki Guridiren esanetan, “euskarazko komunikabideek, gure kasuan euskarazko irratiak, inoizko aukera aldi oparoena bizi du. Euskararen ezagutzak gora egin duela diote azken urteetan egin diren soziolinguistika azterketa guztiek, eta pozik egotekoa da hori. Egia da erabilerak sortzen duela kezka, eta kezkatzekoa da. Baina komunikabideek aukera aldia bizi dute, inoiz baino audientzia potentzial handiagoa baitute”.
Horiek horrela, “kezkatzen gaitu euskara zuzen erabiltzeak”. Are gehiago: ”Asko kezkatzen gaituen puntuetako bat euskararen zuzentasuna eta egokitasuna behar den moduan uztartzeko gaitasuna izatea. Zuzena izateari uko egin gabe, hizkuntza funtzionala erabiltzea ere erronka dugu: erabilgarria, komunikatzen duena, erakargarria. Hori lortzen ez badugu, alferrik dugu munduko hizkuntzarik zuzenena erabiltzea. Eskaintza zirraragarri ugari aurki ditzakete gure entzuleek erraz asko beste ulertzen dituen beste hizkuntzetan”.
Euskal Irratiak Federazioa
Ondoren, Jose Luis Aizpuruak azaldu du zer den Euskal Irratiak Federazioa. 1997an sortu zen, “irratien elkarlana hobetzeko eta botere publikoen aurrean ahots bakar bat agertzeko, azpiegitura teknikoa garatzeko, formakuntza lantzeko langileen artean, denak autodidaktak baitziren. Ipar Euskal Herrian garai berezia bizi zen, Iparraldea osotasunean hartzen zuten elkarte edo sasi-instituzioak sortu ziren”.
Urteetan euskarazko irratiek “ez zuten inolako laguntza publikorik izan ez Pirinio Atlantikoetako departamendutik, ez eskualdetik. Sostengu bakarra entzuleena eta herriena izan zen. Euskarazko irratiak, irrati profesional eta seriosak izaten ahal zirela ere erakutsi behar izan zuten garaiko kudeatzaileek, eta gainerakoek bezala, laguntzak eskuratzeko eskubidea zutela, interes publikoko informazioa hedatzen zelako, euskaraz; euskaldunek ere eskubidea zutela informazio hau izateko eta euskaraz”.
Bere hitzetan, “irratien garapena ikaragarria izan da. Sei bat langile izatetik, 28 izatera pasa gara, laugarren irrati bat sortu zen 2005ean, Antxeta Irratia, mugaz gaindiko lehen irratia, Hendaia, Hondarribia eta Irun artean”.
Mahai-ingurua
Mahai-inguruari dagokionez, Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakasleak moderatu du. Hizlariak honako hauek izan dira: Leire Palacios kazetaria, Beatriz Zabalondo EHUko irakasle eta Berria Taldeko Administrazio Kontseiluko presidentea, Aingeru Epaltza idazle, itzultzaile eta kazetaria eta Alberto Barandiaran kazetari eta Hekimen euskal hedabideen elkarteko zuzendaria.
jagon6 txikia
Mahai-ingurua hiru zutaberen inguruan ardaztu du Zuberogoitiak:
  • Kausa-efektu harremanak ote daude hizkuntza gutxituetako hedabideen jardunaren eta hizkuntza normalizazioaren artean?
  • Eusko Jaurlaritzak oraintsu ezagutarazi ditu euskarazko komunikabideen kontsumoari buruz eginiko ikerketaren emaitzak
  • Euskarazko komunikabideen artean, elkarlana sustatu/bultzatu/indartu beharko litzateke?
  • Elkarlanaren aukera, kalitatearen beharra... gai ugari aipatu dira. Autokritikarako unea ere egon da.
    Egunari amaiera emateko, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak eta Erramun Osa idazkariak ondorioak irakurri dituzte.

    No comments:

    Post a Comment