Total Pageviews

Tuesday, March 22, 2011

Mortuago, mutuago

aingeru epaltza - 2011-III-22
Diario de Noticias

"Zer balio du poesiak gizakiek gizakien kontra eragindako tragedien aurrean bezala, naturak eragindakoen aurrean?". Adornori oihartzun eginez halako galdera egiten zion berrikitan Anjel Lertxundik bere buruari. Poesiaren Eguna izan zen atzo. Poesia, gizonak zein naturak eragindako hondamendiez egunkarien orrialdeak beterik agertzen ziren egunean. Poesiaz aritzea poesiaren zertarakoaz aritzea da gaur egun. Haren alferrikakotasunaren gorazarrea izaten da maiz haren baliagarritasunaren defentsarik eraginkorrena. Bizi seinalea izan daiteke, ordea. Mutuak ez garela adierazteko tresna. Urtebete joan da Joxemiel Bidador idazle eta ikerlari iruinsemea itzali zitzaigunetik. Heldu den ortziralean eginen da hark bizi bitartean idatzitako poemen bildumaren jendaurreko aurkezpena. Haren olerki bana irakurriko dugu zenbait jendek. Joxemiel omenduko dugu gisa honetara eta, bidenabar, bagarela aldarrikatuko. Oraindik bagarela. 40 urte betetzeko hilabete guti batzuk falta zituela utzi gintuen Bidadorrek. Idazle gaztetzat jo-tzen genuen, hala ere. Halakoa izaki, Nafarroako neurgarrietan. Hura baino gazteagorik, lau-bortz izen etortzen zaizkit gogora. Pare bat, 30 urtetik beheiti. Normala, noski. Poesiak ez du deusetarako balio. Nobelak ere ez. Zer erranik ez ipuinak, an-tzerkiak edo entseguak. Kontsolamendua liteke gure gazteak bertzelako adierazpideetan buru-belarri ikustea. Zineman, blogetan, bideo sorkuntzan, kazetaritzan, hedabide berrietan. Ez da hala. Euskarazko sormenari dagokionez, musika eta bertsolaritza alde batera utzita, gero eta eremu mortuago -gero eta eremu mutuago- dugu Nafarroa. Deusetan belaunaldi berririk baldin bada, ez da inon ageri. Eta ez dago nor/zer horretan kezkaturik. Horregatik ere izan zen hain mingarria Bidadorren galera. Horretarako ere izanen gara heldu den or-tziralean, Planetarioan.

No comments:

Post a Comment