Ikastaro interesgarri baten berri ematen digu Pello Urzelaik Berria egunkarian. Pello bera da antolatzailea eta euskarazko kazetaritza egiteko oso baliagarria izango delakoan nago. Hemendik hartua:
http://www.berria.eus/blogariak/berriaro/2015/06/03/kazetaritza-digitalerako-tresnak-bi-eguneko-ikastaroa-ueuren-eskutik/
Kazetaritza egiteko gero eta garrantzi handiagoa dute tresna
digitalek. Baliabide hauek ezagutzeak aukera berriak eskaintzen dizkie
kazetariei. Kazetaritza lantzeko modu berriak, landutakoa erakusteko era
berriak,… Egun gero eta tresna digital gehiago daude sarean, denon
eskura. Baina ez da erraza tresna digital horien berri izatea. Askotan
beharrezkoa da gutxieneko laguntza tresna horiek erabiltzen hasteko.
Behar horiei begira,
Kazetaritza digitalerako tresnak
izenburuko ikastaroa antolatu du UEUk aurtengo uda ikastaroetan, hain
zuzen ere, gaur egungo kazetariek halabeharrez kazetaritza digitala
egiteko trebatuta egon behar dutelako.
Ikastaroa Eibarren izango da, uztailaren 13an eta 14an. Ni neu
arduratuko naiz ikastaroaren gidaritzaz. Ikastaroa pentsatuta dago
kazetaritzari lotutako tresna digitalen ikuspegi eta ezagutza orokor bat
izateko. Batetik, kazetaritzan indarra hartzen ari diren joerei helduko
zaie ikastaro honetan. Bestetik, joera bakoitzari dagozkion tresna
aukera ezberdinak azalduko dira, eta, ondoren, aukeraketa bat egingo da
interesgarrienak hobeto azaltzeko eta haiekin ariketa praktiko batzuk
egiteko.
Egungo kazetaritza digitalean, lau joera nagusi antzematen dira:
1. Sare sozialen sofistikazio prozesua.
2. Mugikortasunaren nagusitasuna.
3. Datu-kazetaritza.
4. Ikusgarritasuna, diseinua eta elkar eragiketa oinarri dituen narratiba berria.
Beraz, ikastaro honetan lau joera horiekin zerikusia duten tresna
digitalak landuko dira. Hamalau ordutan ez du denborarik emango ur
sakonetan sartzeko. Tresnak oso ugariak dira, izan ere, egunero sortzen
baitira berriak. Aukerak ezagutzea da helburu nagusia. Batzuk bereziki
gomendatuko dira, eta gutxi batzuk probatuko dira ariketa praktikoen
bidez.
Ikastaroan agertuko diren tresnei buruz ideia bat izateko, hona hemen adibide batzuk, atalka azalduta:
- Sare sozialei lotutako tresnak (Twitter Analytics, Twurly, News.me, RebelMouse,…).
- Kazetaritza mugikorra (QwazAudio, Replay, Periscope, Meerkat, Columbio…)
- Datu-kazetaritza (Tableau, Datawrapper, Infogram, Plotly, Piktochart, Datavisual…).
- Ikus-kontaketarako tresnak (Shortand, Immersive, Readymag, StoryBuilder,…).
- Elkarlanerako tresnak (Quip,.Azendoo…)
- Freelancer kazetaritza (Storyhunter, Medium, Hostwriter…)
Tresna gomendatuen zerrendak eskaintzearekin batera, tresna berriak
aurkitzeko iturri interesgarriak jarriko dira ikaslearen esku.
Ikastaroa egokia izan daiteke kazetari lanetan dihardunentzat,
prestakuntza digitala hobetzeko eta ezagutza zabaltzeko, edota
kazetaritza ikasleentzat, ikasketak osatzeko.
Edozein zalantza edo galdera, nire posta elektronikoaren bidez bideratu ahal duzue: pellour@berria.eus
Ikastaroari buruzko
informazio gehiago, eta matrikula egiteko modua, UEUren webgunean daude eskura.