Total Pageviews

Wednesday, June 3, 2015

Kazetaritza digitalerako tresnak, bi eguneko ikastaroa UEUren eskutik

Ikastaro interesgarri baten berri ematen digu Pello Urzelaik Berria egunkarian. Pello bera da antolatzailea eta euskarazko kazetaritza egiteko oso baliagarria izango delakoan nago. Hemendik hartua: http://www.berria.eus/blogariak/berriaro/2015/06/03/kazetaritza-digitalerako-tresnak-bi-eguneko-ikastaroa-ueuren-eskutik/


Kazetaritza egiteko gero eta garrantzi handiagoa dute tresna digitalek. Baliabide hauek ezagutzeak aukera berriak eskaintzen dizkie kazetariei. Kazetaritza lantzeko modu berriak, landutakoa erakusteko era berriak,… Egun gero eta tresna digital gehiago daude sarean, denon eskura. Baina ez da erraza tresna digital horien berri izatea. Askotan beharrezkoa da gutxieneko laguntza tresna horiek erabiltzen hasteko. Behar horiei begira, Kazetaritza digitalerako tresnak izenburuko ikastaroa antolatu du UEUk aurtengo uda ikastaroetan, hain zuzen ere,  gaur egungo kazetariek halabeharrez kazetaritza digitala egiteko trebatuta egon behar dutelako.
Ikastaroa Eibarren izango da, uztailaren 13an eta 14an. Ni neu arduratuko naiz ikastaroaren gidaritzaz. Ikastaroa pentsatuta dago kazetaritzari lotutako tresna digitalen ikuspegi eta ezagutza orokor bat izateko. Batetik, kazetaritzan indarra hartzen ari diren joerei helduko zaie ikastaro honetan. Bestetik, joera bakoitzari dagozkion tresna aukera ezberdinak azalduko dira, eta, ondoren, aukeraketa bat egingo da interesgarrienak hobeto azaltzeko eta haiekin ariketa praktiko batzuk egiteko.
Egungo kazetaritza digitalean, lau joera nagusi antzematen dira:
1. Sare sozialen sofistikazio prozesua.
2. Mugikortasunaren nagusitasuna.
3. Datu-kazetaritza.
4. Ikusgarritasuna, diseinua eta elkar eragiketa oinarri dituen narratiba berria.
Beraz, ikastaro honetan lau joera horiekin zerikusia duten tresna digitalak landuko dira. Hamalau ordutan ez du denborarik emango ur sakonetan sartzeko. Tresnak oso ugariak dira, izan ere, egunero sortzen baitira berriak. Aukerak ezagutzea da helburu nagusia. Batzuk bereziki gomendatuko dira, eta gutxi batzuk probatuko dira ariketa praktikoen bidez.
Ikastaroan agertuko diren tresnei buruz ideia bat izateko, hona hemen adibide batzuk, atalka azalduta:

  • Sare sozialei lotutako tresnak (Twitter Analytics, Twurly, News.me, RebelMouse,…).
  • Kazetaritza mugikorra (QwazAudio, Replay, Periscope, Meerkat, Columbio…)
  • Datu-kazetaritza (Tableau, Datawrapper, Infogram, Plotly, Piktochart, Datavisual…).
  • Ikus-kontaketarako tresnak (Shortand, Immersive, Readymag, StoryBuilder,…).
  • Elkarlanerako tresnak (Quip,.Azendoo…)
  • Freelancer kazetaritza (Storyhunter, Medium, Hostwriter…)

Tresna gomendatuen zerrendak eskaintzearekin batera, tresna berriak aurkitzeko iturri interesgarriak jarriko dira ikaslearen esku.
Ikastaroa egokia izan daiteke kazetari lanetan dihardunentzat, prestakuntza digitala hobetzeko eta ezagutza zabaltzeko, edota kazetaritza ikasleentzat, ikasketak osatzeko.
Edozein zalantza edo galdera, nire posta elektronikoaren bidez bideratu ahal duzue: pellour@berria.eus
Ikastaroari buruzko informazio gehiago, eta matrikula egiteko modua, UEUren webgunean daude eskura.

No comments:

Post a Comment