Total Pageviews

Monday, May 9, 2011

Euskarazko Kazetaritzaren IX. Jardunaldiak


Ikasturte honetan Euskarazko Kazetaritzaren IX. Jardunaldiak eta Euskarazko Kazetaritzaren X. Jardunaldiak izan ditugu. Lehenengo ikasturtea da seihileko bakoitzean bana egiten dena. Blog honetan orain arte ez dira aipatuak izan eta, beraz, azkenaurreko jardunaldiez (IX.ez) arituko gara sarrera honetan.


IX. jardunaldiak lehenengo seihilekoan ospatu ziren, 2010eko azaroan, “Gazte Esperientzia” leloarekin eta lau parte hartzaile izan ziren gurekin: Zuriñe Vélez de Mendizabal, Euskonews Gaztea aldizkari elektronikoko zuzendaria; Oihana Jauregi, Teknopolis ETBko saiko aurkezlea (Helbide honetan, irratsaio bat dago hitzaldiari buruzko irratsaio bat, bigarren erdian: http://www.unav.es/98.3/doc/10/12/101221kulturarenlapikoa.mp3); Joxerra Senar, Berria egunkariko kazetaria; eta Mikel García, Argia aldizkariko kazetaria (azken hirurak Nafarroako Unibertsitateko ikasle ohiak).


Parte hartzaile guztiak gazteak izan ziren baina dagoeneko eskarmentu handikoak hainbat komunikabidetan. Gaur egungo euskarazko kazetaritza oro har nahiko gaztea dela konfirmatzera etorri ziren; izan ere, euskaraz egindako kazetaritzak nahiko historia laburra dauka inguruko hizkuntzetan egindakoaren aldean eta hori abantaila da horretan sartu nahi duten profesional gazteentzat, aukera anitz izanen baitituzte erantzukizunak eta ardurak hartzeko.

Mikel Garcia, Argia aldizkariko erredaktorea, euskara hutseko aldizkaria; eta Joxerra Senar, Berria egunkariko kazetaria, protagonistak izan ziren Euskarazko Kazetaritzaren IX. Jardunaldietako azken saioan. Nafarroako Unibertsitatean egin ziren jardunaldiok eta “Gazte-esperientzia” izan zuten lelotzat.

Joxerra Senar Berriako erredaktoreak bere esperientziak gerturatu zizkien entzuleei, Ekonomia eta Politika arloetan izandakoak, eta kazetariaren izaera ekimentsu eta ausarta azpimarratu zuen. Bestalde, Mikel Garciak bere ibilbide labur eta trinkoan garatutako zenbait proiekturen berri eman zuen. Biak, Nafarroako Unibertsitateko ikasle ohiak, erredakzioaren arteaz solastu ziren, berrien interpretazioa eta adierazpen linguistikoak zaindu behar dituen artea berau.

Aurreko saio batean, Zuriñe Vélez de Mendizabal kazetariak Euskonews Gaztea aldizkari digitaleko bere jarduera azaldu zuen. Bigarren hezkuntza eta Batxilergoko ikasleek hartzen dute parte aldizkarian eta Zuriñe aritzen da hori guztia koodinatzen eta produkzio lanak egiten. Oihana Jauregi kazetaria eta Nafarroako Unibertsitateko ikasle ohia, albistegietan pilatutako esperientziaz mintzatu zen. “Teknopolis” saioan izandako eskarmentua ere mintzagai izan zuen. Zientzia eta teknologiaren dibulgazioa euskaraz egiten duen telebista saioa dugu hau, duela 13 urte emititzen hasi zena. 2009an “European Media Awards” saria irabazi zuen, Europenan Science Foundation-ek emana.


Euskarazko Kazetaritzaren IX. Jardunaldiak Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrak antolatu ditu eta posible izan dira Eusko Ikaskuntzaren laguntzari esker eta Iruñeko Udaleko finantziazioari esker. Abarrots Euskara Taldeak ere kolaboratu du.



1 comment:

  1. Eskerrik asko gure esperientzia zuekin konpartitzen utzi diguzuelako! Beste bat arte!

    ReplyDelete