Pasa den azaroaren 20an izan ziren, Bilbon, Euskaltzaindiak antolatuta, Jagon sailaren jardueraren pean. Hemendik aurrerakoa euskaltzaindiaren web-gunean dago:
http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_content&Itemid=619&catid=121&id=4949&lang=eu&view=article
Euskarazko hedabideen egoera aztertu da Euskaltzaindiaren XX. Jagon Jardunaldian
Gaur, azaroaren 20an, Akademiaren
Sustapen batzordeak antolatuta, XX. Jagon Jardunaldia egin du
Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan, "Hedabideak euskararen sustapenean"
gaiaren inguruan. Jardunaldiotan euskal komunikabideek euskararen
sustapenean jokatzen duten rola aztertu da.
Gaia hiru multzotan aztertu da:
- Hedabideak eta hizkuntza politika. Patxi Baztarrikak, Mikel Arregik
eta Bernadette Soulék parte hartu dute. Andoni Egaña izan da
moderatzailea.
- Hedabideen egitasmoak. Alaitz Artolazabal, Martxelo Otamendi, Iñaki
Guridi eta Jose Luis Aizpurua izan dira hizlariak, eta Marijo Deogracias
moderatzailea.
- Hedabideen kanpoko begirada. Mahai-ingurua egin da, solaskide
hauekin: Leire Palacios, Beatriz Zabalondo, Aingeru Epaltza eta Alberto
Barandiaran. Aitor Zuberogoitiak moderatu du.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta
Jean-Baptiste “Battittu” Coyos Jagon sailburuak hasiera eman diote
egunari, eta jardunaldiaren helburua azaldu.
Hedabideak eta hizkuntza politika
Lehenengo multzoan “Hedabideak eta
hizkuntza politika” gaiaz aritu dira Patxi Baztarrika Eusko
Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako sailburuordea, Mikel Arregi
Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen zuzendari nagusia eta Bernadette
Soulé Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) zuzendaria.
Andoni Egaña bertsolari eta euskaltzain
urgazleak moderatzaile lana egin duela, hiru solaskideek gai batzuk utzi
dituzte mahai gainean.
Patxi Baztarrika
Baztarrikak hiru galdera nagusi egin
ditu: zergatik dira garrantzizkoak euskarazko hedabideak euskararen
erabilera areagotu eta sendotzeko jardunean?, zein da Eusko
Jaurlaritzaren jarduna euskarazko hedabideen sustapenean?, zein da
euskarazko hedabideen erronkei buruz guk dugun ikuspegia eta, ondorioz,
zein da indartu asmo dugun ildoa?
Esan duenez, “hizkuntza bizia izatea da
erronka, hil ala bizikoa da, eta horretarako hedabideetan nor izatea da
funtsezkoa”. Euskara gizartean eta euskara hedabideetan, txanpon baten
alde bi direlakoan dago: euskara zenbat eta sendoagoa agertu
hedabideetan, orduan eta handiagoa izango da bere presentzia gizartean.
Eta alderantziz.
Hizkuntza Politikorako Sailburuordetzak
ematen dituen diru-laguntzak aipatu ditu: “Ez dugu ezagutzen
-azpimarratu du- tamaina horretako ahaleginik, beste hizkuntza
minorizatuen kasuetan”. Bestalde, euskarazko hedabideen kontsumoa
areagotzea egingarria dela esan du. “Euskara=txikitasuna=berezko
desabantaila gainditu beharreko ekuazioa da” esan ostean,
eraginkortasuna eta pluraltasuna errespetatu behar direla defendatu du,
“hedabide mota guztiak direlako inportanteak. Erabiltzaile errealak
sustatzea -gaineratu du- da erronka”.
Mikel Arregi
Mikel Arregik, Nafarroak azken urteotan
bizi izan duen egoerari begirada bota dio: aurreko Gobernuak euskarazko
hedabideentzako zituen diru-laguntzak gero eta urriagoak izan ziren, eta
azkenik, ezerezean geratu ziren.
Hortaz, gaur egun Nafarroako Gobernua
egoera aztertzen ari da. Arregik esan duen bezala, hedabideak komunitate
baten bizitzaren transmisoreak dira, beraz, oso garrantzitsuak dira.
Hori horrela, aurrera begirako aurreikuspenak: Administrazioaren eta
hedabideen arteko lankidetzaren oinarriak finkatzea, diru-laguntzen Foru
Legeak ezarritakoa aintzat hartuz; euskarazko komunikabideen eragina
aztertzea.
Euskarabideak Plan Estrategikoa egin
behar du, eta horren barruan komunikabideek atal zehatza izango dute.
Ondoren, aurreikusten diren erronkak edota zereginak aipatu ditu:
aztertzen ari dira komunikabideekin hitzarmenak egiteko aukera;
laguntza-politikak indartzea; hedabideen arteko lankidetza (Hekimen,
Tokikom, Nafarpress). Oro har, euskarazko komunikabideei zuzendutako
laguntzen irizpideak adostu eta finkatze da helburuetako bat, eta
horretarako erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza bultzatu nahi
da.
Bernadette Soulé
Bernadette Soulék “Iparraldean
euskarazko prentsa, irratigintza eta telebista neurri handian elkarteek
segurtatzen” dutela adierazi du eta Euskal Irratiak Federazioa osatzen
duten lau irratien garrantzia argi utzi du: “Funtsezko papera betetzen
dute Iparraldean euskara etxeetan hedatzeko”. Herria astekariak, EiTBk,
Aldudarrak Bideo web telebistak, Radio Kultura web irrati elebidunak,
Kazeta.info agerkari digitalak eta Berria egunkariaren Iparraldeko Hitza
paperezko astekariak osatzen dute euskarazko prentsaren eskaintza.
Adierazi duenez, EEPren Hizkuntza
politika proiektuak “hedabideak laugarren erronka gisa jartzen ditu.
Alabaina irratiak, telebista, aldizkariak, eta web hedabideak tresna
eraginkorrak dira hizkuntza hedatzeko etxeetan, jendartean eta bereziki
gazteengan. Oro har hizkuntza paisaiari euskal itxura ematen dio,
euskaraz hitz egiteko motibazioa indartuz".
Bi helburu eta sei norabide estrategiko finkatuak dira :
- Euskarazko hedabideen eskaintza osatu: a) euskarazko hedabideak
indartuz, b) euskararen lekua zabalduz oraingo hedabideetan, c)
eskaintza berri bat asmatuz.
- Hedabideak erabili euskara ikasteko eta hobetzeko: a) euskararen
kalitate maila goratuz, b) irakaskuntza lagunduz, c) gazteak parte
hartzera gomitatuz.
EEPk euskarazko hedabideekin hitzarmenak
sinatu dituela esan du, eta hitzarmen horien guztien aipamena egin du.
Azkenean, hedabideen eremuan, EEPk orain arte ukan duen politika
partziala izan dela esan du. Hortaz, “hedabideen alorrean eramaten den
ekintza publikoak, egituratze hobea eskatzen du, parte hartze handia,
erronkaren heineko giza baliabideak ukaitea”.
Hedabideen egitasmoak
Marijo Deogracias kazetariak
moderatzaile lana egin du eta Alaitz Artozabal Tokikometro zuzendariak,
Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak, Iñaki Guridi EiTB Irrati taldeko
zuzendariordeak eta Jose Luis Aizpurua Euskal Irratiak Federazioko
erredaktoreburuak hitz egin dute.
Tokikom
Tokikom toki komunikabideen bilgunea da.
26 bazkide, 60 komunikabide eta 169 langile biltzen ditu. Hortaz gain,
650 laguntzailek dihardute. Alaitz Artozabalek adierazi duenez, honako
erronkak aurreikusten dituzte: “hiperlokaltasunean oinarritutako
zerbitzu eskaintza areagotzea komunitateari balio erantsia eskainiz eta
balio erantsi hori komunikabidearekiko atxikimendu bilakatuz; segmentu,
batez ere adin segmentu, berrietara ahalik eta hoberen heltzea;
interneten lan egiteko forma eta negozio eredua aldatzea”.
Bestalde, “herri ekimeneko zentzua
betiere oso presente edukita baina lehiakortasunaren ildotik, kudeaketa
aurreratuari begira jarri nahi dugu. Hedabideek elkarrekin formakuntza
prozesu bat hasi behar dute. Enpresa ikuspegia landu nahi dugu, gure
hedabideen epe luzeko bideragarritasuna landu euskaran inbertitzen
jarraitu ahal izateko”. Azkenik, tokiko beste komunikabide batzuekin
batera, “lehiakorragoak bihurtuko gaituen sare bat osatu” nahiko
luketela esan du.
Berria
Martxelo Otamendik datu batzuk eman
ditu: Berria egunkariaren zenbat ale saltzen diren -batez besteko,
12.800-, zenbat harpidetzaren bitartez (%73), zenbat kioskoan (%23).
“Etxeko harpidetza -aitortu du- oso tresna baliagarria da guretzat”.
“Berria laguna” figuraren garrantzia aldarrikatu du ondoren -”gure
izarretako bat”- eta, gastuen kontrolarekin batera, ideia berrien
presentziak izan duen eraginaz aritu da.
Hala, teknologia berrien etengabeko
apustua, webgune indartsua, sakelako telefonoan kontsultatzeko
egokitzapenak... Berriki astekari digitala zabaltzeari ekin dio Berriak;
eta, Otamendik esan duenez, abenduan hasiko dira eguneko 10 albiste
aukeratzen eta zabaltzen, egunak eman dituenen laburpen gisa.
Era berean, teknologia berrien erronkaren inguruan hausnarketa interesgarria egin du: lehen, irakurleak Berriaren
webgunean sartu eta egunkaria, bere osotasunean, zeukan eskura. Orain,
azpimarratu du, lagun batek igorritako txio baten bitartez, esteka baten
gainean sakatu eta albiste soil bat irakurtzen dute askok. Irakurle
askok, beraz, egunkariaren ikuspegi partziala, murriztua, dute. Horra
hor beste erronka berria.
Diru-laguntzen inguruan ere aipamena egin du: txikiaren kaltetan ez ote diren banatzen. Galdera hori jarri du mahai gainean.
EiTB Irrati Taldea
Iñaki Guridiren esanetan, “euskarazko
komunikabideek, gure kasuan euskarazko irratiak, inoizko aukera aldi
oparoena bizi du. Euskararen ezagutzak gora egin duela diote azken
urteetan egin diren soziolinguistika azterketa guztiek, eta pozik
egotekoa da hori. Egia da erabilerak sortzen duela kezka, eta
kezkatzekoa da. Baina komunikabideek aukera aldia bizi dute, inoiz baino
audientzia potentzial handiagoa baitute”.
Horiek horrela, “kezkatzen gaitu euskara
zuzen erabiltzeak”. Are gehiago: ”Asko kezkatzen gaituen puntuetako bat
euskararen zuzentasuna eta egokitasuna behar den moduan uztartzeko
gaitasuna izatea. Zuzena izateari uko egin gabe, hizkuntza funtzionala
erabiltzea ere erronka dugu: erabilgarria, komunikatzen duena,
erakargarria. Hori lortzen ez badugu, alferrik dugu munduko hizkuntzarik
zuzenena erabiltzea. Eskaintza zirraragarri ugari aurki ditzakete gure
entzuleek erraz asko beste ulertzen dituen beste hizkuntzetan”.
Euskal Irratiak Federazioa
Ondoren, Jose Luis Aizpuruak azaldu du
zer den Euskal Irratiak Federazioa. 1997an sortu zen, “irratien
elkarlana hobetzeko eta botere publikoen aurrean ahots bakar bat
agertzeko, azpiegitura teknikoa garatzeko, formakuntza lantzeko
langileen artean, denak autodidaktak baitziren. Ipar Euskal Herrian
garai berezia bizi zen, Iparraldea osotasunean hartzen zuten elkarte edo
sasi-instituzioak sortu ziren”.
Urteetan euskarazko irratiek “ez zuten
inolako laguntza publikorik izan ez Pirinio Atlantikoetako
departamendutik, ez eskualdetik. Sostengu bakarra entzuleena eta
herriena izan zen. Euskarazko irratiak, irrati profesional eta seriosak
izaten ahal zirela ere erakutsi behar izan zuten garaiko kudeatzaileek,
eta gainerakoek bezala, laguntzak eskuratzeko eskubidea zutela, interes
publikoko informazioa hedatzen zelako, euskaraz; euskaldunek ere
eskubidea zutela informazio hau izateko eta euskaraz”.
Bere hitzetan, “irratien garapena
ikaragarria izan da. Sei bat langile izatetik, 28 izatera pasa gara,
laugarren irrati bat sortu zen 2005ean, Antxeta Irratia, mugaz gaindiko
lehen irratia, Hendaia, Hondarribia eta Irun artean”.
Mahai-ingurua
Mahai-inguruari dagokionez, Aitor
Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakasleak moderatu du. Hizlariak
honako hauek izan dira: Leire Palacios kazetaria, Beatriz Zabalondo
EHUko irakasle eta Berria Taldeko Administrazio Kontseiluko presidentea,
Aingeru Epaltza idazle, itzultzaile eta kazetaria eta Alberto
Barandiaran kazetari eta Hekimen euskal hedabideen elkarteko zuzendaria.
Mahai-ingurua hiru zutaberen inguruan ardaztu du Zuberogoitiak:
Kausa-efektu harremanak ote daude hizkuntza gutxituetako hedabideen jardunaren eta hizkuntza normalizazioaren artean?
Eusko Jaurlaritzak oraintsu ezagutarazi ditu euskarazko komunikabideen kontsumoari buruz eginiko ikerketaren emaitzak
Euskarazko komunikabideen artean, elkarlana sustatu/bultzatu/indartu beharko litzateke?
Elkarlanaren aukera, kalitatearen beharra... gai ugari aipatu dira. Autokritikarako unea ere egon da.
Egunari amaiera emateko, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak eta Erramun Osa idazkariak ondorioak irakurri dituzte.